La Navaleko zuzendaritzak langile batzordeari jakinarazi dio ontzi berri bat egiteko aurrekontratu bat duela

La Navaleko langileak elkarretaratzean
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 13 febrero 2014 14:17

Langile batzordeak mobilizazioekin jarraituko du eta 24 orduko itxialdia egingo du ontziolan datorren asteartean

   BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   Sestaoko (Bizkai) La Naval ontziolako zuzendaritzak langile batzordeari jakinarazi dio ontzi berri bat egiteko aurrekontratu bat duela eta akordioa hilabeteko epean itxi daitekeela, gutxi gorabehera.

   Sindikatuetako iturriek Europa Press-i jakinarazi diotenez, La Navaleko presidente Javier Ojeda eta zuzendari Iñaki Irasuegi langileen ordezkariekin bildu dira gaur, otsailaren 13an, lan karga berria lortzeko bideraturiko gestioen berri emateko.

   Hala ere, ordubete inguru iraun duen bileran, La Navaleko arduradunek ez dute Sestaon egin daitekeen ontziari buruzko xehetasunik eman, ezta enkargua egingo lukeen armadoreari buruz ere, eta "zuhurtzia eta konfidentzialtasuna" argudiatu dituzte zehaztasunik ez emateko.

   Halaber, une honetan egiten ari diren ontzia martxoan ematen denean, ontziolaren jarduera luzatuko luketen ontzi berriak lortzera zuzenduriko beste ekimen batzuen inguruko informazioa ere eman diote langile batzordeari.

LANGILE BATZORDEA

   Halere, langile batzordeak beharginei adierazi die "dena berdin" ikusten duela, "askotan esan digutelako gauza bera". "Errealitatea da kontraturik gabe jarraitzen dugula", nabarmendu du.

   Hori dela eta, mobilizazioak mantenduko direla jakinarazi du, eta datorren asteartean, otsailaren 18an, ontziolan 24 orduko itxialdia egingo dela iragarri du. Halaber, otsailaren 21ean elkarretaratze bat egingo da Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen, eta langileak autobusez joango direla.