Nazario komikigilea eta Gasteizko Zuloa liburu denda omenduko ditu Getxoko 17. Komiki Azokak

Raquel Córcoles da kartelaren egilea
GETXOKO KOMIKI AZOKA
Actualizado: domingo, 23 septiembre 2018 12:40

Raquel Córcoles artista katalanak egin du aurtengo edizioko kartela

BILBO, 23 Sep. (EUROPA PRESS) -

Getxoko 17. Komiki Azoka urriaren 19tik 21era ospatuko da, eta Nazario komigile eta margolaria eta Gasteizko Zuloa liburu denda omenduko ditu, espainiar komiki kontrakulturalaren erreferentzietako bat izateagatik bata, eta bere ibilbideagatik eta komikiaren mundua zabaltzeko egindako lanagatik bestea.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, Getxoko Komiki Azoka bi lekutan ospatuko da: Areetako Geltokia plazako karpan saltokiak egongo dira eta Romoko Kultur Etxean jarduerak eta fanzine gunea. Azokaren kartela Raquél Córcoles artistak egin du, Moderna de Pueblo pertsonaia ospetsuaren sortzaileak.

Nazario Luque Vera Espainiako komikigintzako artista kontrakultural ospetsuenetako bat da (Castilleja del Campo, Sevilla, 1944). Sevillan Filosofia eta Letrak ikasi eta irakasle bezala aritu ostean, 1970eko hamarkadaren hasieran, Bartzelonan finkatu zen, eta lehen urratsak eman zituen komiki underground-aren munduan.

Bartzelonan sortu zuen El Rrollo taldea, Javier Mariscal, Farry eta Pepichek artistek osatua, besteak beste. Beren komiki propioak editatu eta banatu zituzten. Garai hartan argitaratu zituen, poliziaren jazarpena handia zenean, "San Reprimonio", "Sábado sabadete" eta "Purita" obrak, besteak beste, Bartzelonako alde ilunenak islatuz.

1980ko hamarkadan, "El Víbora" aldizkariarekin elkarlanean hasi zen, eta bertan argitaratu zituen bere komiki gehienak. Horien artean nabarmentzekoak da "Anarcoma", 1970eko eta 1980ko hamarkadako Bartzelona zitalean mugitzen den detektibe trabesti bati buruzkoa.

Europako beste zenbait aldizkarirekin ere elkarlanean aritu zen, adibidez, "azaar", "It", "Actuel", "Oz", "Frigidaire", "Gai Pied", "L'Écho des Savanes" eta "Makoki" aldizkariekin. Azken horretan argitaratu zuen "Alí Babá y los 40 maricones", bere lan nagusitzat jotzen dena, eta harekin amaitu zuen bere ibilbidea komikigintzan. Une horretatik aurrera, margotzen hasi zen eta hainbat erakusketa egin zituen, bere lana ARCO azokan erakutsi zuen, eta kartelak eta diskoen azalak margotu zituen.

ZULOA

Bestalde, Gasteizko Zuloa liburu denda leku berezia da komikiaren munduan, Gasteizen bertan eta handik kanpo ere. 1987an ireki zen, liburu denden kontzeptu berri baten ideiarekin: hiriko proposamen kultural ezberdinek presentzia izango zuten lekua. Hedegile kaleko 21 zenbakira lekualdatu zen 1998an, eta han egon da ordutik, "Txintxu" San Martinek eta Sara Eliasek zuzenduta.

Komiki munduan espezializatuta dago, eta kultur erreferentzia bat da, bai eskaintzagatik, bai egiten dituen jarduerengatik, erakusketak eta komiki, liburu eta diskoen aurkezpenak antolatzen baitira bertan, besteak beste.

Ireki zutenetik, sari garrantzitsuak lortu izan ditu, adibidez, Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioak 1989an Liburu Dendek egindako Kultur Hedapenerako Lan Onenaren Saria eta Eusko Jaurlaritzaren Hiri Inguruneak Dinamizatzearen 2015eko Saria.

KARTELA

Bestalde, Getxoko 17. Komiki Azokaren kartela Raquel Córcoles katalanak egin du (Reus, 1985). 2011an hasi zuen bere ibilbidea komikigintzan, "El Jueves" aldizkarian, eta "Cuore", "GQ" eta "El País" argitalpenetan ibiltzen da elkarlanean, haren komikiak bertan argitaratzen baititu.

Sortzaile lanak utzi zituenean, Carlos Carrerorekin batera buru-belarri heldu zion bere proiektu pertsonalari, Moderna de Pueblo pertsonaiari. Proiektu horretan gidoiak sortzen ditu, ilustrazioak egiten ditu eta edukiak zuzentzen ditu. Bere blogeko pertsonaia 2010ean sortu zuen, eta berehala fenomeno biral bihurtu zen. Hari esker lortu zuen Connecta't al còmic beka, lehen eleberri grafikoa argitaratzeko aukera eman ziona: "Soy de pueblo".

Moderna de Pueblo-ren istorioak herritik hirira arrakasta bilatzera doan 20 urte inguruko neska baten ingurukoak dira, eta herriarekin konektatzeko helburua duten egoerak parodiatzen dituzte. Horren ondoren, beste hiru obra argitaratu ditu: "Los capullos no regalan flores" (2013), "El cooltureta" (2014) eta "Idiotizadas: de cuento de hadas a empoderhadas" (2017).