Nazioarteko 120 aditu bilduko ditu Zientzia, Teknologia eta Generoaren Iberoamerikako XII. Biltzarrak, Bilbon

Actualizado: lunes, 16 julio 2018 17:32

BILBO, 16 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatutako Zientzia, Teknologia eta Generoaren Iberoamerikako XII. Biltzarra ospatuko da asteazkenetik ostiralera, uztailaren 18tik 20ra, Bizkaia Aretoan, Bilbon. Aurtengo edizioan nazioarteko 120 adituk parte hartuko dute, besteak beste, Mexiko, Costa Rica, Brasil, Txile, Alemania, Kuba, Argentina, Ekuador edo Espainiatik helduak.

Eusko Jaurlaritzaren, Iberoamerikako Estatuen Erakundearen eta L'Oréal Unesco programaren laguntza izan du antolakuntzak biltzarra prestatzeko, EHUk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Biltzarra bi urtean behin antolatzen da. Lehenengo aldiz Madrilen antolatu zen, 1996an, eta ondoren, besteak beste, Panaman, Kuban, Brasilen, Argentinan eta Mexikon egin da. Azken edizioa Costa Rican antolatu zen, 2016an. Aurtengo edizioko lanen oinarria zientziaren, teknologiaren eta osasunaren artean dagoen harremana generoaren ikuspegitik aztertzea eta eztabaidatzea izango da.

Hasierako ekitaldia 09.00etan hasiko da eta Eulalia Pérez Sedeño biltzarreko presidenteak, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, Juan Carlos Toscano Grimaldi Iberoamerikako Estatuen Erakundeko ordezkariak eta Idoia Fernández EHUko Berrikuntza, Gizarte Konpromiso eta Kulturgintzako errektoreordeak parte hartuko dute.

Hiru egunetan zehar, biltzarreko parte hartzaileek sei gai multzo landuko dituzte: Genero ikuspegia osasunaren arloko ikerketan, esku hartzean eta praxian; Ingeniaritza eta teknologia; STEAM diziplinak: ibilbide akademiko-profesionaletan duten eragina; Ezagutza tekno-zientifikoa eraikitzea; Zabalkunde eta hedapen zientifikoa eta teknologikoa: diskurtso hegemonikoak zalantzan jartzen; eta Zientziak: ikerketa, jasangarritasuna eta garapena.