Nazioarteko zinemagile berrien bederatzi lehen film lehian Zinebi First Film lehiaketan

Aurtengo edizioko kartela
ZINEBI
Actualizado: miércoles, 18 octubre 2017 11:52

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Nazioarteko zinemagile berrien bederatzi lehen film lehiatuko dira Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren fikzio, dokumental eta animaziozko film luzeei zabalik dagoen Zinebi First Film (ZIFF) lehiaketan. Aukeratutako bederatzi filmak zinemaldi garrantzitsuenetatik igaro dira, besteak beste, Locarno, Cannes, Berlin, Venezia edo Sundancetik, eta 7.000 euroko saria lortzeko lehian izango dira.

Zinebik jakinarazi duenez, film laburrak egin ondoren, film luzeen munduan lehen pausoak eman nahi dituzten ekoizle eta zinemagile gazteei laguntzen jarraitu nahi du iaz abian jarri zuen lehiaketa honekin. Gainera, lan berri horien bitartez, "zinema garaikidearen panorama osatzen duten sorkuntza joera, estilo eta argumenturako materia aniztasunera hurbiltzeko aukera" eskaini nahi die ikus-entzuleek.

Zinebi First Film lehiaketaren bigarren edizioan bederatzi film luze arituko dira. Lanen ekoizpenean 11 herrialdek hartu dute parte, hain zuzen, AEB, Afganistan, Alemania, Austria, Brasil, Frantzia, Israel, Herbehereak, Polonia, Errumania eta Suitzak.

Zehazki, "Gray House" (Austin Lynch eta Matthew Booth; AEB), "Não devore meu coração (Felipe Bragança; Brasil, Herbehereak eta Frantzia), "Drift" (Helena Wittmann; Alemania), "Charleston" (Andrei Cretulescu; Errumania eta Frantzia), "Dene wos guet geit" (Cyril Schäublin; Suitza), "Namai Ba Rahis Gomhor" (Roya Sadat; Afganistan), "Sommerhäuser" (Sonja Maria Kröner; Alemania), "Pigumim" (Matan Yair; Israel eta Polonia) eta "Tehran Taboo" (Ali Soozandeh; Alemania eta Austria) lanek parte hartuko dute lehiaketan.

Aukeraketa horretan, "mundu garaikideko gizakien joan-etorrien funtsezko gaiak" aurkituko dituzte ikus-entzuleek, besteak beste, erlijioan oinarritutako lege zorrotzaren mende dauden zenbait hiritako bizimodua, nerabeen arteko maitasuna Latinoamerikako herrialde batzuetako mugetan, Atlantikoa belaontzi batean zeharkatzen duen emakume baten abentura solidarioa eta esperientzia pertsonala, edota emakume baten galera tragikoa eta senarraren eta maitalearen dolu konpartitua.

Silvano Agosti idazle, muntatzaile, zinemagile eta erakusle italiarrak, Alejandra Trelles Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiaren zuzendariak eta Haritz Zubillaga zinemagile bilbotarrak osatuko dute Zinebi Firts Film saria erabakiko duen nazioarteko epaimahaia. Filmak Golem-Alhondiga zinema aretoetan eskainiko dira.