Nazioartera hedatzeko telebistako formatuen sorrerari buruzko ikastaro magistral bat izango da Bilbon martxoan

Actualizado: viernes, 15 febrero 2013 12:57

BILBO, 15 Feb. (EUROPA PRESS) -

Patty Geneste Formatuen Aitortza eta Babeserako Elkarteko (FRAPA) presidentea Bilbon izango da martxoaren 19an, proiektuak nazioarteko bihurtzeari buruzko ikastaro magistral bat eskaintzeko. Eiken Ikus-entzunezkoen Euskal Klusterrak eta EiTBk saio pilotuen ekoizpena sustatzeko asmoz sorturiko Innova Basque Audiovisual ekimenaren bigarren edizioaren barruan antolatu da jardunaldia.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Euskadiko ikus-entzunezkoen industriako profesionalei begira antolatu da topaketa, eta telebistako formatuen esparruko munduko profesional ospetsuenetako baten ikastaro magistralean parte hartzeko aukera izango dute, lehen aldiz. Gainera, Patty Geneste-k ekimen honetan parte hartzeko "funtseko arrazoiak" izan dira Innova Basque Audiovisual lehen ekimenean egindako lana eta aurkeztutako proiektuen kalitatea.

Ikastaro magistrala martxoaren 19an egingo da, EiTBren Multibox aretoan, Bilbon, goizez eta arratsaldez: 9:00etatik 14:00etara, "nazioarteko merkatuetan produktuak arrakastaz saltzeko" gakoen berri emango du Absolutely Independent enpresako lehendakariak; eta arratsaldean, 15:00etatik 18:00etara, "kontratua nola negoziatu eta idatzi aztertzeko" tailerra gidatuko du.

FRAPA Formatuen Aitortza eta Babeserako Nazioarteko Elkartea da, eta bere xedea da babesa eta informazioa ematea mundu osoko ekoizle, sortzaile eta banatzaileei. Elkarteak mundu osoko formatuen irrati-zabalkundeko erakundeak, ekoizleak, banatzaileak eta sortzaileak biltzen ditu.

Irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta erregistroei buruzko bitartekaritza eta zerbitzuak eskaintzen ditu; telebistako formatuen munduko merkataritzaren txostena argitaratzen du, eta formatuak saritzeko ekimen bat sortu du, industria berezi eta garrantzitsu honetako sormenaren aintzatespen ezagunenetakoa bihurtu dena.

PATTY GENESTE

Patty Geneste FRAPAren presidentea da, 2012ko urritik, eta buru-belarri ari da ikus-entzunezko formatuen alde lanean, sortzaileen errespetua oinarri hartuta. Profesional modura ospetsua da nazioartean, eta egoitza Amsterdamen duen Absolutely Independent formatuen ekoizpen, banaketa era aholkularitza etxearen sortzaile, CEO eta presidentea da.

Geneste-k mundu osoan zehar eskaintzen ditu aholkularitza, tailerrak eta ikastaro magistralak, eta, Bilboko saioarekin gertatu den bezala, agintaritza eta erakunde ugarik eskatzen dituzte bere zerbitzuak, sorkuntza industriei lehiakortasuna areagotzen eta nazioartera zabaltzen laguntzeko.

INNOVA BASQUE AUDIOVISUAL

Antolatzaileen arabera, "How to become succesful internationally" ikastaro magistralak "sendotasun handia" emango dio Innova Basque Audiovisual proiektuari, bigarren urtea duen honetan, kontuan hartuta ikus-entzunezko produktuak kanpo merkatuan zabaltzea dela proiektuaren xedea. Ekimen honetan parte hartzeko epea urtarrilean hasi zen, eta maiatzaren hasierara arte egongo da zabalik.

Aurreko urtean bezala, nazioarteko epaimahai batek aztertuko ditu aurkeztutako ideiak. Hain zuzen ere, epaimahaiak kanpoko merkatuetan saltzeko aukera gehien duten proiekturik onenak aukeratuko ditu, eta gero, ETBk ekoitzi eta emitituko ditu. Parte hartzeko oinarrietan adierazita dagoenez, egoitza Euskadin duten produkzio etxe guztiek aurkez ditzakete lanak, eta finalista gelditzen diren proiektuak ETBren saio berezietan emitituko dira, irailean.

Bestalde, ekimena munduko bi azoka nagusietakoetan aurkeztuko da, MIPFORMAT eta MIPCOM azoketan, alegia, Basque Audiovisual-en standaren bidez. Azoka horiek Cannesen egiten direnez, proiektua nazioartean zabaltzeko topaleku paregabeak dira.