NBEk "neurriz" aritzeko eskatu dio Siriari eta 1.200 lagun hil direla salatu du

Errefuxiatu gero eta gehiago dagoela salatu du NBEk
Reuters
Actualizado: martes, 14 junio 2011 13:45

BILBO, 14 Jun. (EUROPA PRESS) -

Valerie Amos Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Gai Humanitarioetarako idazkari nagusiaren ondokoak "zibilak errespetatzeko" eta "manifestari politikoen aurka indarra neurriz erabiltzeko" eskatu dio Siriako Gobernuari. Gainera, indarkeria politikoaren ondorioz 1.200 bat pertsona hil direla eta 10.000 inguruk herrialdetik alde egin behar izan dutela salatu du.

"Garrantzitsua da zehaztasunez jakitea zer ari den gertatzen Sirian, behar izatekotan, laguntza bidali ahal izateko. Siriako Gobernuak ebaluazio independente bat egiteko baimena ematea espero dut", adierazi du Amoszek prentsa ohar batean.

NBEko Gai Humanitarioetarako arduradunaren arabera, martxoaren erdialdean Siriako Gobernuaren aurkako prostestak eta agintarien errepresioa hasi zirenetik, gutxi gorabehera 1.200 pertsona hil dira eta 10.000 lagunek herrialdetik alde egin behar izan dute.

"Ondoko herrialdeak goraipatu nahi ditut, mugak irekita mantendu dituztela, eta eman duten laguntza ere balioetsi nahi dut. Nazio Batuak behar den moduan laguntzeko prest daudela azpimarratu nahi dut, bereziki errefuxiatu gero eta gehiago dagoela kontuan hartuta", esan du.