Negoziazio kolektiboak eragin txikiagoa du emakumeengan gizonezkoengan baino

Genero ikuspegia hartu du kontuan LHK-k bere azterlanean
CARLOS BARRIA / REUTERS
Actualizado: jueves, 18 mayo 2017 11:48

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Negoziazio kolektiboaren eragina txikiagoa da emakumeen kasuan (%84,8) gizonezkoenean baino (%95,5), soldatapeko biztanleria osoa kontuan hartuta, sexu bien parte hartzea orekatua baldin bada ere (%50,6 gizonak dira eta %49,4 emakumeak). Gainera, hitzarmenek arautzen ez dituzten jardueretan batez ere emakumeek lan egiten dute (%75 dira), Lan Harremanen Kontseiluak (LHK) bi urtean behin egiten duen negoziazio kolektiboaren egiturari buruzko analisiaren arabera. Azterlana lehen aldiz egin da genero ikuspegiaz.

LHKren hiruhilekoko txostenaren arabera, soldatapeko langileak 732.896 ziren Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Langile hauen %86,3k lan kontratua zuten eta %13,7 funtzionarioak edo pertsonal estatutarioa ziren. Sexu biak era orekatsuagoan agertzen ziren lan kontratudunen artean, %52,8 gizonak baitziren, eta ez hain oreka handiz funtzionario eta pertsonal estatutarioan, bertan emakumeak gehiengoa dira eta (%63,3).

Lan kontratua duten pertsonak soilik aintzat hartuta, %90,5ek negoziazio kolektiboak arautzen dituen lan baldintzak dauzkate, euren hitzarmenak indarrean, luzapen egoeran edo iraungita egon daitezkeela. Talde honen %55,8 gizonek osatzen dute eta %44,2 emakumeek. Aitzitik, negoziazio kolektiboak arautzen ez dituen lan baldintzak dituzten pertsonen artean (hau da, gainerako %9,5ean), emakumeen portzentajea handiagoa da (%75,2).

Negoziazio kolektiborik ez duten jarduerak heterogeneoak dira eta maiz zerbitzuen sektorearekin lotuta daude. Jarduera hauen artean langile kopururik handiena duena etxeko langileena da, baina osasunaren sektorearen barruan ere gertatu ohi dira, emakumeak gehiengoa diren mediku edo albaiteroen kontsultategietan, adibidez. Sarri askotan enpresa hauek txikiak izaten dira eta jarduera ez du hitzarmen batek arautzen.

ESTALDURA KOLEKTIBO MAILA

Emakumeen estaldura kolektibo maila gizonezkoena baino handiagoa den sektore bakarra lehen sektorea da. Sektore honetan badaude gizonek garatu ohi dituzten jarduerak, hitzarmenek arautzen ez dituztenak, adibidez, arrantzako zenbait jarduera jakin. Bigarren sektorean eta eraikuntzan ia ez dago alderik gizonen eta emakumeen artean eta zerbitzuen sektorean desberdintasunak handiagoak dira. Oro har, negoziazio kolektiboak bere eraginpean emakume gutxiago hartzen ditu (%84,8) gizonak baino (%95,5). Bien artean, beraz, 10,7 puntuko aldea dago.

LHKren hiruhilekoko txostenak lehen aldiz erabili duen genero ikuspegitik, emakumeak gehiengoa zein sektoretan diren ikus daiteke: ileapaindegi eta apaindegietan eta etxez etxeko laguntzan %90 baino gehiago dira eta hirugarren adinerako egoitzetan eta farmazia bulegoetan %90 inguru. Merkataritzaren sektorean emakumeak %90 eta %55en bitartean daude eta garbiketako hitzarmenetan emakumeak gutxi gora behera %80 dira.

Zenbait hitzarmenetan, aldiz, hala nola freskorako arraste arrantzan, industria siderometalurgikoan, eraikuntzan, paperean, zuraren industrian edo Bilbo eta Pasaiako portuetako zamaketa lanetan, emakumeak %15 baino gutxiago dira.