Neiker-Tecnalia klima aldaketak zoruko ekosisteman duen eragina aztertzen ari da

Institutuko ikertzaileak Mikrobio Behatokian lanean
NEIKER-TECNALIA
Actualizado: jueves, 20 noviembre 2014 18:04

BILBO, 20 Nov. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoen Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak Mikrobio Behatoki bat dauka Ordesa eta Perdidoko Parke Naturalean (Huescako Pirinioak), klima aldaketa zoruko ekosistemetan eragiten ari den inpaktua ebaluatzeko asmoz, denboran zehar mikrobio propietateen kontrola eginez.

Ikerketaren guneak 1.500 eta 2.600 metro arteko altueran daude, eta horrek aukera ematen du klima egoera desberdinen multzo zabala izateko eta altuerak zoruaren eta bertan bizi diren mikroorganismoen propietateetan nolako eragina duen behatzeko. Hasierako emaitzek erakusten dutenez, mikrobioen propietateak zoruko eskala txikiko ezaugarri fisiko-kimikoen araberakoak dira erabat, bai eta laginak hartzen diren unean dauden ingurumen baldintzen araberakoak ere.

Ikerketa egiteko, Neiker-Tecnalia mikrobioen ekologia irauli duten biologia molekularreko teknikarik aurreratuenak erabiltzen ari da. Zehazki, orain sekuentziazio masiboko analisiak egiten ari dira, denbora tarte labur batean mikroorganismoen gene kopuru handi bat sekuentziatzea eta identifikatzea ahalbidetzen dutenak. Lurpeko biosferaren sekuentziazio genetiko horren helburua da mikrobio komunitateen egitura eta funtzioa hobeto ulertzea, altueraren gradientean zehar.

Neiker-Tecnaliaren Mikrobio Behatokiak lagundu egingo du gaur egun klima aldaketa zoruko mikrobio komunitateetan eragiten ari den ondorioak eta horri lotutako prozesu ekologikoak hobeto ulertzen, euskal institutuko arduradunek azpimarratu dutenez.

Kokatuta dagoen ingurune alpinoa bereziki egokia da klima aldaketaren behatokia egoteko. Alde batetik, urrutiko lekua da, zuzeneko eragin antropogenikoetatik nahiko isolatua, eta, ondorioz, klima aldaketa bezalako eragin globalak argi eta garbi hauteman daitezke, inguruneko faktore lokalagoen interferentziarik gabe. Gainera, mendian dauden altuerako gradienteek, aldi berean, gradiente klimatiko oso bereziak sortzen dituzte distantzia laburretan, hau da, altuera desberdinetan egoera klimatiko desberdinak aurkitzen dira.

MIKROORGANISMOA

Mikroorganismoak landareak edo makroorganismoak baino azkarrago egokitzen dira aldaketetara, eta, horri esker, bioadierazle bikainak dira ingurumen estresaren iturriek ekosistemen funtzionamenduan eragiten dituzten inpaktuak neurtzeko.

Oso garrantzitsua da zoruko ekosisteman klima aldaketaren ondorioz gertatzen diren alterazioen erregistro bat edukitzea, etorkizuneko agertokietan zer etor daitekeen zehatzago iragartzeko. Halaber, garrantzitsua da nabarmentzea zorua dela gure baliabide nagusia; lurraren ekosistemaren oinarria da, eta gure elikagaien %95 bertatik datoz zuzenean edo zeharka.

Mikroorganismoek zoruko ekosistemaren funtzionamenduan jokatzen duten rola funtsezkoa da. Zoruak, tradizionalki mineralez eta substantzia kimikoz osatutako izaki bizigabetzat hartu bada ere, bere bizi funtzioen erantzuleak diren, eta, ondorioz, bere osasunaren erantzuleak diren ezin konta ahala mikroorganismo dauzka. Funtzio horiek dira, besteak bestek, landare eta animalia hilen ehunen deskonposizioa eta nutrienteen birziklapena, nitrogenoa finkatzea, zoruaren egitura mantentzea eta gai kutsatzaileak deuseztatzea.

Klima aldaketaren ondorioz, aurreikusi daiteke epe luzera mendietako lurzoruko biotak ingurune garaiagoetara migratzea, ingurune bioklimatiko hobearen bila. Arazoa da migrazio horrek muga bat duela, hots, mendiaren gailurra, hortik gora ez baitago migratzerik edo ihes egiterik.