Neiker-Tecnaliak hainbat pinu bota ditu Artzentalesen, haizearekiko duten erresistentzia aztertzeko

Pinuetako bat bota duten unea
NEIKER-TECNALIA
Actualizado: miércoles, 29 octubre 2014 16:33

BILBO, 29 Oct. (EUROPA PRESS) -

Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuko teknikariek pinu batzuk bota dituzte azken egunetan Artzentaleseko (Bizkai) mendietan, haizearen eragina simulatuta. INRA Nekazaritzako Ikerketarako Frantziako Institutuko basogintzako adituak Neiker-Tecnaliako eta Bizkaiko Aldundiko teknikariekin batera aritu dira adin desberdineko pinu beltzak botatzen, haizeteekiko duten erresistentzia ezagutzeko eta ikusteko nolako indarra eduki behar duen haizeak zuhaitz horiek Euskal Herriko baldintza berezietan botatzeko.

Esperientzia "oso interesgarria" da baso masen kudeatzaileentzat, zuhaitzak hobeto kudeatzen eta landaketen banaketa edo zuhaitza mozteko unerik egokiena aukeratzeko unean haizearen aldagaia sartzen lagunduko dielako, Neiker-Tecnaliak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Basogintzako sektoreko ekoizleak, basozainak, baso teknikariak eta ikertzaileak, beste profesional batzuen artean, simulakroa gertutik ikusteko elkartu dira. Zuhaitzak altzairuzko kableekin bota dira, haizearen indarra imitatuz, eta kableek sentsoreak zituzten zuhaitzak botatzeko beharrezkoa den indarra neurtzeko. Pinu beltz bakoitzak hiru inklinometro zituen jarrita, zuhaitzaren kontra egindako indarraren arabera zenbat inklinatzen zen erregistratzeko. Horrela, erroen erresistentzia eta enborraren indarra zehaztu ahal izan dira, zuhaitza haizearen indarra jasateko duen gaitasuna ezagutzeko funtsezko parametroak baitira.

Gaur goizean egindako esperientzia, Neiker-Tecnaliak Bizkaiko Aldundiarekin, HAZI Institutuarekin eta EFI Europako Basogintzako Institutuaren eskualde bulego atlantikoarekin elkarlanean Bilboko Bizkaia Aretoan gaur egin den 'Forrisk: Haizeak baso masetan kalteak eragiteko arriskua' mintegiaren zati bat izan da.

Jardunaldia "Forrisk-Basoen kudeaketan eta basogintzan arriskua txertatzeko sistemen garapenerako sarea" izeneko proiektu europarrean baitan sartzen da. Ekimena FEDER fondoek eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak elkarrekin finantzatu dute. Mintegia Bilbon egin da, 2014ko Europako Baso Hiria delako.

Jardunaldiak Euskal Herrian haizeak dituen ezaugarrien mapa zehatza aurkezteko balio du, eta mapa jada baso ekoizle eta kudeatzaileen eskura dago. Mapa INRA institutu frantseseko ikertzaileek egin dute, eta horretarako Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren sarean anemometroak dituzten 57 estazio meteorologikoen informazioa erabili dute.