Neiker-Tecnaliak nekazaritza sektoreari lotutako euskarazko artikulurik onena sarituko du

CAF-elhuyar sarien baitan dago Neiker-Tecnalia saria
ELHUYAR
Actualizado: lunes, 20 noviembre 2017 12:48

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Neiker-Tecnalia nekazaritza ikerketa eta garapenen teknologikorako institutuak nekazaritza sektoreari lotutako artikulurik onena sarituko du, CAF-Elhuyar sarien baitan, zientzia eta teknologiari lotutako gaien eta ikerketen euskarazko zabalkundea aitortzeko eta bultzatzeko helburuarekin.

Institutuko arduradunek adierazi dutenez, sariaren filosofia bat dator Neiker-Tecnaliaren helburuarekin, ezagutza eta soluzio berritzaileak eta transferigarriak garatzeko, nekazaritzako elikagaien sektoreari balioa eman eta bere lehiakortasuna hobetze aldera.

Neiker-Tecnalia sari berezia jatorrizko dibulgazio artikuluen eta kazetaritza zientifikoaren kategorietan aurkeztutako lanen artean aukeratuko da, eta, ondorioz, artikulu irabazleak beste kategorietako batean ere saritu izana izatea gerta daiteke.

CAF-Elhuyar lehiaketak jatorrizko dibulgazio artikuluak saritzen ditu. Dibulgazio artikulu orokorrak eta egilearen doktore tesian oinarritutako artikuluak aitortzen ditu. Azpikategoria bakoitzean, egileak 2.000 euroko sari bat eta Imanol Andonegiren eskultura bat jasoko ditu. Kazetaritza zientifikoaren atalean, lan irabazleak 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegiren eskultura bat jasoko ditu.

Halaber, CAF-Elhuyar sariek sorkuntzarako beka bat ematen dute, Zientzia Gizartean lelopean. Kategoria horretan onartuko diren proiektuen helburua izango da zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko interakzioa erraztea. Hautatutako proiektuaren egileak 5.000 euroko laguntza bat jasoko du aurkeztutako lana garatzeko, baita eskultura bat ere.

Artikuluak 2018ko otsailaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira. cafelhuyar@elhuyar.eus helbide elektronikora bidali behar dira, eta oinarriak webgune honetan kontsulta daitezke: cafelhuyarsariak.elhuyar.eus.

Neiker institutuaren eta Elhuyar Fundazioaren artean ikerketaren arloan euskara sustatzeko 2016ko uztailean hasi zen hitzarmenaren parte da saria. Elhuyarrekin izenpetutako hitzarmenean sartzen dira nekazaritza sektoreari lotutako hiztegi espezializatu baten garapenean laguntzea, Neikerrek Zientzia Azokan parte hartzea gazteei sektoreari buruzko ikerketa helarazteko, eta aipatutako Neiker sari berezia, nekazaritza sektoreari lotutako ikerketen euskarazko dibulgazioa saritzeko.