Nekazaritza ustiategietan inbertitzeko laguntzak eskatzeko epea irekiko du ostiral honetan Bizkaiko Aldundiak

Actualizado: jueves, 2 enero 2014 12:00

BILBO, 2 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak nekazaritza ustiategietan inbertitzeko laguntzak eskatzeko epea zabalduko du ostiral honetan, urtarrilaren 3an. Foru erakundeak 4,9 milioi euroko zenbatekoa bideratuko du programa honetara, hau da, aurreko ekitaldian baino %10,6 gehiago, gazteak finkatzeko eta modernizatzeko laguntzeko ildoak indartuz.

Lurralde historikoan nekazaritzako jarduerak gaur egun dituen erronkei aurre egiteko Nekazaritza Sailaren programa nagusietako bat da. Jarduketa horiek urtean 13 milioi euro inguruko inbertsioa sortzen dute eta horrek biziberritu egiten du landa inguruneko ekonomia, foru erakundetik azpimarratu dutenez.

Laguntzen xedea da nekazaritzako ustiategietan egiten diren inbertsioak babestea, betiere ustiategien errendimendu orokorra, ingurumenaren iraunkortasuna, laneko segurtasuna, abereen higienea eta ongizatea eta beste alderdi batzuk hobetzen badituzte eta Europar Batasuneko arauak betetzen badituzte. Gainera, belaunaldien arteko erreleboa erraztu nahi da, nekazari gazteen lehenengo instalazioa ahalbidetuz.

"Gazteak sektorera erakartzeko, lehenengo instalaziorako laguntza ematea, proiektuak ebaluatu eta monitorizatzea, lurrak eskuratzeko eta gazteek kudeatzen dituzten ustiategiak sendotzeko erraztasunak ematea funtsezko baldintzak dira sektore indartsu eta dinamikoa lortzeko", Nekazaritzako foru Sailaren iritziz.

Deialdia arautu duen foru dekretua ostegun honetan argitaratu da, eta argitaratu eta biharamunean hasita, 20 egun baliodunen epean aurkeztu ahalko dira eskabideak, hau da, urtarrilaren 31ra arte, ustiategiaren kokapenari dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan edo Nekazaritza Saileko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuaren bulegoetan (Bilboko Agirre Lehendakariaren etorbidea, 9).

BERRIKUNTZAK

Foru dekretuak ekarriko dituen berrikuntzen artean, nekazaritzako makineria partekatzeko erakundeek makineria erostean diru laguntzaren %20ko igoera jaso ahalko dute. Neurri horri esker, makinerian egindako inbertsioak amortizatzea hobetu nahi da, aipatutako makineria baserritar bazkideen artean partekatuz eta zentzuz erabiliz.

Nekazaritzako makineria partekatzeko entitateek, gutxienez kideen %50ak nekazaritzako familia ustiategietako titularrei eskatzen zaizkien baldintzak bete beharko dituzte, eta jarduera nagusitzat nekazaritza izan behar dute, lehentasunezko nekazaritza ustiategiei buruzko uztailaren 8ko 168/1997 Dekretuko 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Halaber, ustiategietan energia kostuak gutxitzeko biomasa galdaretan inbertitzen duten ortuzainentzako diru laguntzetan %10eko igoera izango da, baliabideak modu integralean aprobetxatzea oinarritzat hartuta eta, ahal den neurrian, energia mendekotasuna gutxitzeko. Basoko biomasak tokiko energia baliabide berriztagarriak prezio lehiakorrean erabiltzeko aukera eskaintzen du, ohiko erregaiekin alderatuta.

Azkenik, nekazari gazteen alokairu kontratuak diruz lagunduko dira, belaunaldien erreleboa bultzatzeko asmoz. Martxan egon diren ustiategiak nekazaritza jardunari ekin nahi dioten gazteei eskualdatzea bideratu nahi da horrela.