Nekazaritzako elikagai eta basogintzan I+G+B sustatzeko 16 beka eman dizkie Jaurlaritzak ikertzaile gazteei

Bekak jaso dituzten ikertzaile gazteak
Foto: EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: miércoles, 12 febrero 2014 14:06

GASTEIZ, 12 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Peli Manterolak nekazaritzarekin, arrantzarekin, elikagaiekin eta basogintzarekin zerikusia duten arlo zientifikoetan eta enpresakoetan prestatzeko 16 beka eman dizkie beste horrenbeste ikertzaile gazteri -hamar emakume eta sei gizon-, Arkautiko Nekazaritza Eskolan (Araba) gaur egin den ekitaldian.

   Ikertzaile bakoitzari 14.000 euro emango zaizkio urtean, eta teknologoei, berriz, 12.000 euro urtean. Diru kopuru horiei 1.000 eta 2.000 euro arteko kopuru bat gehituko zaie urteko, bekek irauten duten bitartean, ikastaroetan matrikulatzeko, biltzarretan parte hartzeko eta antzeko beste gastu batzuetarako.

   Modu honetan, guztira 750.000 euro baino gehiago bideratuko dira 16 gazteren prestakuntzarako eta espezializaziorako, "gazte horiek Euskadiko nekazaritzaren eta elikagaien sektoreetako etorkizuna baitira".

   Izan ere, Peli Manterolak azpimarratu duenez, "prestakuntza, profesionalizazioa eta espezializazioa sektore guztietan bultzatu beharreko zerbait da, baita nekazaritza eta arrantza sektoreetan eta elikagaien industrian ere".

   Beka hauek Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) I+G+b arloko jarduera sustatzeko eta etorkizuneko profesionalen prestakuntzan aurrera egiteko garatzen ari den politikaren baitan sartzen dira.

   Bekek bi eta lau urte bitarteko iraupena dute, etenik gabe, eta denbora horretan gazteek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako Sailak lehen sektorean estrategikotzat eta lehentasunekotzat jotako lanak garatuko dituzte.