Nepaldar komunitatea izango da gonbidatu berezia larunbat honetako 11 Kolore Festan, Donostian

Iazko kalejirako momentu bat
Foto: EH 11 KOLORE
Actualizado: viernes, 5 junio 2015 13:05

DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)

   Eusko-nepaldar komunitatea izango da aurtengo gonbidatu berezia 11 Kolore Fest jaialdiaren barruan Donostian egingo den 11 Danbor Martxan. Horrela, EH 11 Kolore ekimenak euskal gizartearen elkartasuna eta babesa adierazi nahi die nepaldar komunitatea osatzen duten herritarrei, joan den maiatzeko lurrikaren ondorioz bizitzen ari diren une latz eta gogorretan.

   Modu honetan, Euskal Herriko bazter guztietatik heldutako ehun nepaldar baino gehiago elkartuko dira larunbat honetan Donostian, eta "hiriko kaleak elkartasunez eta aniztasunez beteko dituen danborren zalapartarekin" hasiko da martxa Konstituzio plazatik, 18:30ean, EH 11 Kolore ekimeneko arduradunek gogorarazi dutenez.

   Hauekin batera, beste hainbat elkartek eta eragilek egin dute bat dagoeneko: folklore taldeek, jatorri ezberdinetako elkarteek, besteak beste, peruarrak, hondurarrak, saharauiarrak, marokoarrak, ekuatoriarrak, andaluziarrak, bolibiarrak, kolonbiarrak, ghanarrak, senegaldarrak eta nigeriarrak, eta Euskal Herri osoko beste hamaika batukada, danborrada txalapartari eta perkusio taldek.

   Beste behin ere, Donostiako Piraten Burubeltz konpartsarekin batera hasiko da 11 Danbor Martxa, "kolorez eta danbor soinuez beteriko kalejira". Aurten, gainera, Gora Gasteiz ekimenak izango du txupina jaurtitzearen ardura, "jarrera xenofobo eta arrazisten aurrean modu eredugarrian lan egiteko erakutsi duten prestutasunagatik".

   Halaber, 11 Kolore Festak baditu beste hainbat ekintza larunbat osorako: haurrentzat perkusio tailerra Bulebarrean 11:30etik aurrera; SOS Arrazakeria eta Bidez Bide elkarteen bi erakusketa; edota Soupkandja Reggae Band taldearen kontzertua Guardetxean.

   Halaber, "11 pintxo 11 zapore" ekimen arrakstatsua ere egingo da. Donostiako alde zaharreko 11 tabernak egun osoan zehar munduko gastronomietan oinarritutako pintxoak eskainiko dituzte eta, besteak beste, herri eta kultura hauetako gastronomiak dastatu ahal izango dira: Vietnam, Gaztela, Irlanda, Mexiko, Bretania, Ekuador, Peru, Korsika, Asturias, Kuba eta Andaluzia.