Neskek gizenago ikusten dute beren burua mutilek baino

Neskek eta mutilek dute pisuaren pertzepzioa aztertu du ikerlanak
Foto: EHU
Actualizado: miércoles, 11 febrero 2015 11:52
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Lorea Kortabarria psikologoak elikadura asaldurei buruz Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) egin duen ikerketa batek erakutsi du beren pisuaren "pertzepzio errealagoa" dutela mutilek neskek baino, eta ispiluaren aurrean desberdin ikusten dutela bere burua nerabe batek eta gazte batek, neska batek eta mutiko batek. Horrela, "den baino gizenagoa" sentitzen da jende asko, emakumezkoak batez ere.

   Halaber, ikerlanaren arabera, hobeto elikatzen dira neskak, baina pertzepzio okerragoa dute beren pisuaz eta gizenago ikusten dute beren burua. Dena dela, Kortabarriak atzeman du "geroz eta alde txikiagoa izango dela aurrerantzean mutilen eta nesken artean, geroz eta mutil gehiagok jasango baitituzte elikadura asaldurak, norberaren irudiaren inguruan hedabideek egiten duten presioa dela eta".

   Zehaztu gabekoen atzetik, anorexia eta bulimia dira elikadurarekin lotutako asaldura ezagunenak eta ohikoenak, eta horiek ikertzen aritu da Kortabarria, hain zuzen ere, "Variables asociadas a los trastornos de conducta alimentaria" tesirako. Ondorio nagusi gisa nabarmendu du neskek, oro har, mutilek baino gutxiago pisatzen dutela, "baina diren baino gizenago ikusten dutenez beren burua, gutxiago pisatu nahi luketela; elikadura ohiturak, berriz, mutilek baino osasuntsuagoak dituzte".

   Bestalde, dieta gehiago egiten dute neskek, eta ez dira mutilak bezain gustura sentitzen beren gorputzarekiko, Lorea Koartabarria ikertzaileak adierazi duenez.

   Mutilek, berriz, "diren baino garaiago izan nahi lukete, eta gorputz masaren indize (GMI) handiagoa eduki. Autoestimua, bestalde, neskek baino handiagoa daukate", gaineratu du. Zoriontasun mailari dagokionez, berriz, ez dago alderik sexuen artean, ikerketaren arabera. Depresioa, bestalde, aldagai prediktibo gisara erabili da ikerketan.

ALDEAK GUTXITZEN

   Adinak aurrera egin ahala "behera egiten du nesken osasuntsu elikatzeko ohiturak, baina, gainerakoan, ez dago alde handirik mutilen eta nesken artean". Bestalde, "geroz eta desberdintasun gutxiago izango da nesken eta mutilen artean elikadurarekin lotutako gaitzak direla eta, mutilei ere geroz eta gorputz irudi 'perfektuagoa' eskatzen baitzaie", ikertzailearen arabera.

   Kortabarriaren iritziz, homogeneizatuz joango dira nesken eta mutilen joerak, eta egun gehienbat nesken artean atzematen diren zenbait arazo mutilen artean ere hedatu egingo dira, hala nola antsietatea edo depresioa. "Mutil asko ikusi dut negarrez, gehiegi pisatzen omen dutela eta", adierazi du.

   Elikadura asaldurei aurre egiteko konponbideei dagokienez, prebentzio programak edo esku hartzekoak proposatzen ditu ikerketak, hezkuntzan, familian eta, oro har, gizartean. Horretarako, kontuan hartu behar dira nerabeek eta gazteek elikadura asalduraren bat garatzeko dituzten arrisku faktoreen aldagai prediktiboak, hau da, argal egoteko obsesioa, bulimia eta norberaren gorputzarekin gustura ez sentitzea.

   Elikadura asalduraren bat izateko arriskurik handiena, azterlanaren arabera, beren pisuarekiko pertzepzio okerra dutenek, hau da, pisu egokia eduki arren gehiegizkoa dutelakoan daudenek; elikadura ohitura txarrenak dituztenek; dieta ezosasuntsu gehien egiten dutenek;  autoestimu eta zoriontasun mailarik txikiena dutenek; eta aldagai klinikoetan (depresioa, antsietatea, hira) puntuaziorik handiena ematen dutenek dute.

   Psikologian eta Psikopedagogian lizentziatua da Lorea Kortabarria (Arrasate, Gipuzkoa, 1984). Euskadiko 14 eta 25 urte bitarteko 1.075 nerabe eta gazteren artean (536 mutil eta 539 neska) egin zen ikerlana, 2011n eta 2012an. Ikastetxe ugarirekin jarri ziren harremanetan, eta 'proiektua' eskaini zieten. Onartu zuten ikastetxeetara joan eta galdera sortak eman zizkieten laginean parte hartu behar zuten ikasleei. Horrez gain, banaka pisatu eta neurtu zituzten ikasleak. Carmen Maganto (irakaslea eta Psikologian doktorea) eta Maite Garaigordobil (irakaslea eta katedraduna) izan ditu tesiaren zuzendari.