Nestor Basterretxearen lan plastikoa ezagutzeko umeentzako tailerra antolatu du Arantzazu Gaur Fundazioak

Haurrentzako
Foto: ARANTZAZU GAUR
Actualizado: lunes, 30 marzo 2015 12:32

DONOSTIA, 30 (EUROPA PRESS)

   Arantzazu Gaur Fundazioak, Donostiako Maushaus estudioarekin eta Arantzazuko Adiskideak elkartearekin elkarlanean, 6 eta 11 urte bitarteko haurrei eskainitako "Fabulous Basterretxea!" lantegia antolatu du apirilaren 11rako, 10:30etik 13:30era, Arantzazun, Basilikako Kriptako muralen egile Nestor Basterretxearen lan plastikoa ezagutu dezaten. Horretarako, haurrek pintura murala, collage eta eskultura bezalako teknikak baliatuko dituzte.

   Antolakuntzako iturriek jakinarazi duenez, "Fabulous Basterretxea!" lantegia, Maushaus estudioak eskainia, Nestor Basterretxea izango du protagonista. Sormen aldakortasun handiko artista izan zena, eskultorea, diseinatzailea, margolaria eta zinemagilea izateaz gain, euskal antropologia kulturalean aditua ere bazen.

   Equipo 57, Arantzazu Taldea eta Gaur Taldea bezalako artista multzoetako kide zenak, 1980ko hamarkadan "Arantzazuko Basilikako Kripta bigarrenez pintatzeko adorea izan zuen". "Hala, ia 30 urte lehenago bizi izan zuen debeku prozesua eta ordu arte eginda zeuzkan muralak, 1955ean, gainetik pintatu zizkiotelako mina gainditu ahal izan zituen", adierazi dute.

   Lantegia 10:30ean hasiko da Gandiaga Topagunean. Proiektatutako irudiek lagunduta, lantegiaren nondik norakoa azaltzeko sarrera laburra egingo da bertan; ondoren, bisita gidatua egingo da Kriptan barrena haurrek ikus ditzaten Nestor Basterretxeak bertan egindako margolanak. Lantegiko arduradunek parte hartzaile txikiei lagunduko diete abstrakzioa erabiliz pintatu ziren formak antzematen.

HIRU LAN GUNE

   Bisita amaitzean, Gandiaga Topagunera bideratuko dira berriz denak lanarekin jarraitzeko. Hiru lan gunetan banatuko dira parte hartzaileak, teknikaren araberako lan artistikoak egiteko: pintura murala, collage eta eskultura. Lantegiaren azken emaitza gisa, lan egiteko erabili duten aretoa bera transformatuko dute pintura eta eskultura gune bihurtuz. Amaitzeko, eraberritutako aretoa bisitatzeko gonbita egingo zaie familiartekoei txikiek kontatu eta erakutsi diezazkieten egindako lanak.

   Izen ematea apirilaren 10a baino lehen egin behar da arantzazugaur@arantzazu.org helbidera idatziz edo 943 716 575 nahiz 639 051 931 telefono zenbakietara deituz. Parte hartzaile bakoitzak hiru euro ordaindu beharko ditu eta 20 lagunentzako lekua izango da. Antolatzaileek maiatzaren 9an lantegia errepikatzeko asmoa dute.

   Aurreko urteetan antolatutako antzeko lantegiek izandako arrakastaren babesean prestatu da "Fabulous Basterretxea!". 2013an "Arantzan-Zu?" arkitektura-lantegia eskaini zen, zeinetan parte hartzaileek Arantzazuko Basilikara irudikatzen zuen maketa interpretazioa eraiki zuten, eta 2014an "Eulate, Argi Handi Bat!", non argiak eta koloreak gune baten eraldaketan duten eragina aztertu zuten.