Olanok "ezinbesteko" ikusten du tradizio abertzale guztien arteko "bateratze estrategiko bat"

Markel Olano
MARKEL OLANO
Actualizado: viernes, 15 diciembre 2017 11:44

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi du berak defendatzen duen irakurketa politikoak "ezinbesteko" jotzen duela euskal abertzaletasunaren mugimendu edo tradizio guztien arteko "bateratze estrategiko bat, ditugun erronkak aurrera ateratzeko".

Euskadi Irratian egindako eta Europa Press berri agentziak jasotako elkarrizketa batean, Olanok esan du "garai hartan" egin zuten bezala, berriro sinatu lukeela PSE-EErekin egun duen gobernu akordioa, baina "hemendik aurrera" ez dakiela sinatuko lukeen, "ze beste hauteskunde prozesu bat bizi beharko dugu eta irakurketa berri bat egin beharko dugu".

Horrela, azaldu duenez, garai hartan egin zuten irakurketa politikoak zerikusia zeukala "ez bakarrik hauteskunde emaitzarekin, baizik eta baita oposizioak eta, neurri handi batean, Gipuzkoan EH Bilduk zeukan jarrerarekin". "Irakurketa hori aldatzen badoa, bistan da beste tipo bateko harreman batzuk finkatu daitezkeela lurraldean", gaineratu du.

Ildo horretan, gogoratu du ezker abertzalek hartu zuela erabakia "EAJrekin bukatzeko Gipuzkoan, eta bide azkarretik, epaitegien bidetik". "Esaten genuen salaketa faltsuak zirela eta frogatu egingo genuela, eta hor egon zen saltsa. Kristautasun kultura dut oso barruan, eta esaten dut barkamena kristauak eman beharra duela beti, baina memoria falta beste kontu bat da, eta nik ez daukat ahazteko hor gertatu izan den guztia, baina garbi dago baldintzak eta jarrerak aldatzen badira, irakurketa politikoa aldatu beharra dugula Gipuzkoan", zehaztu du.

Bere iritziz, EAJn "ikuspegi diferenteak" daude ezker abertzalearekiko harremanetan, eta berak defendatzen dudan irakurketa politikoak "ezinbesteko jotzen du abertzaletasunak ezinbesteko duela mugimendu eta tradizio politiko guztien bateratze estrategiko bat, ditugun erronkak aurrera ateratzeko". "Katalunian ikusten da oso argi ere. Elkarrekin joanda ere nahiko lan izango dugu, baina bakoitza bere aldetik joanda jai dugu", ohartarazi du.