Ordunte Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu du Jaurlaritzak

Ordunteko Mendiak
Foto: VALLE DE MENAKO UDALA
Actualizado: martes, 12 mayo 2015 12:52

GASTEIZ, 12 (EUROPA PRESS)

   Ordunte esparruak ingurumena zaintzeko neurri bereziak ditu astearte honetatik aurrera, aurrerantzean Konsterbazio Bereziko Eremutzat (KBE) hartuko baita, Europako naturgune babestuen Natura 2000 Sarearen baitan. KBEren kalifikazioa Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onartu du astearte honetako bileran.

   "Ordunte KBE izendatzeko arrazoia da Europako Zuzentarauetako zerrendetan sartutako espezie eta habitat batzuk dituela eta Euskadin horiek babestu behar ditugula, Europar Batasuneko kideak garelako", Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuak adierazi duenez.

   Ordunteko Mendiak Bizkaiko mendebaldeko muturrean daude kokatuta. Hamar kilometro luze baino gehiago den gailurren lerro bat da, eta mendien altuerak 1.000 metrotik gorakoak dira, nahiko berdintsuak elkarren artean. Ordunteko goiko eremuetan azpimarratzekoa da larre, txilardi eta otadiz osatutako paisaia. Haranetarantz jaitsiz, mendi hegal malkartsuen gainean eta erreka gehienen burualdeak okupatuz, pagadiak agertzen dira.

   Mendi hegalen beheko partean, ugariak dira baso sailak, landekin eta bertan sakabanatuta agertzen diren haritz unadekin tartekatuta. Gune batzuetan sortzen diren baldintza bereziei esker, turba izaerako hezegune txiki baina garrantzitsuak daude. Hezegune txiki horiek flora interesgarria eta ur lehortarren komunitate garrantzitsu bat hartzen dituzte. Mendez mende, artzaintza estentsiboa izan da mendi horietan egon den erabilera nagusia.

FAUNA ETA FLORA

   Oregiren arabera, gune horren isolamendu mailak eta eremu batzuen kontserbazio egoera onak fauna interesgarria hartzea ahalbidetzen dute. Horrela, besteak beste, sai arrea, belatz handia, sai zuria, hontz handia edo okil beltza aurki daitezke. Halaber, ornogabeen espezie batzuk daude, hala nola Rosalia alpina, Euphydras aurinia edo Callimorpha quadripunctaria.

   Flora interesgarriari dagokionez, beste batzuren artean, Eriophorum vaginatum, Bartsia alpina, Gentiana lutea, Menyanthes trifoliata, Trichomanes speciosum edo Woodwardia radicans espezieak daude. Halaber, Europako Batasunak interesgarritzat jotzen dituen 13 habitat mota daude, eta horien artean, lauk lehentasunezko izaera dute.

   Kontserbazio Bereziko Eremua ingurumen balio garrantzitsuak dituen eta biodibertsitatearen galera eragozteko babestu behar den eremu bat da. KBEen multzoak Europako Naturguneen Sare bat osatzen du: Natura 2000. KBEen sare hori tresna nagusitzat jotzen da biodibertsitatea Europa osoan pairatzen ari den galera gero eta handiagoa gelditzeko.

   Euskadin, 52 KBE daude Natura 2000 Sarean, eta horiei Hegaztien Babes Bereziko sei eremu gehitu behar zaizkie. Eremu horiek ibaiak eta mendialdeak hartzen dituzte barne, baita lautadak eta kostaldeko eremuak ere. Gaur egun, Euskadiko azaleraren %23 Natura 2000 Sarean dago sartuta.