Organik taldeak "Sareak" dantza ikuskizuna aurkeztuko du ostiralean eta larunbatean Leioan

Saregileak dira "Sareak" lanaren protagonistak
ORGANIK
Actualizado: jueves, 20 septiembre 2018 17:35

BILBO, 20 Sep. (EUROPA PRESS) -

Organik Dantza Antzerki konpainiak "Sareak" ikuskizun berria aurkeztuko du ostiralean eta larunbatean, irailaren 21ean eta 22an, Kultur Leioa aretoko Auditoriumean, 20.30ean. Euskal arrantza portuetako saregileak dira koreografiaren ardatza.

Ikuskizuna XIV. Dantza Zirkuituaren barruan aurkeztuko da. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Sarea elkartearen bidez antolatutako ekimenak 84 emanaldi eskainiko ditu urte osoan zehar Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 28 agertokitan.

Saregilea arrantza ontzietan arrantzatzeko erabiltzen diren sareak egiten eta konpontzen dituen pertsona da, eta normalean emakumeak dira lan horretan aritzen diren bakarrak. Ogibide bezala 2012an aintzatetsi zuten. "Sareak" ikuskizunean, bost emakume protagonistek arrantza portuetara eramango dituzte ikusleak, "une intimo eta groteskoen artean, begirada ironiko batetik".

Organik 2002an sortu zen, baina 2007an hasi zen sorkuntza lan jarraitua egiten. Euskal Herriko konpainia sendoenetakoa da 2011tik, bere ibilbideagatik eta ikastetxeetan bultzatzen duen hezkuntza proiektuagatik. Hamar pieza baino gehiago egin ditu, eta Alemanian, Espainian, Frantzian, Erresuma Batuan, Portugalen, Kolonbian, Argentinan, Kuban eta Korean aritu da.

Natalia Monge da taldeko zuzendaria sortu zenetik. Zenbait alderdi pertsonal jorratzen ditu bere lanetan, eta gaurkotasunaren unibertsora ekartzen, mendebaldeko gizartean kezka iturri diren giza alderdia partekatzeko. Testuaren eta dantzaren bitarteko lengoaia batez baliaturik, mugimendua erabiltzen du adierazpen eta emozio bide gisa, interesatzen zaion horretaz mintzatzeko. Bere konposizioetan bestelako paisaia batzuk sortzen ahalegintzen da, soinuaren munduarekiko lotura erabiliz eta ikuspegi ironiko batez gehienetan.