Orioko sare eta biltegiratzerako eraikin berria inauguratu da

Orioko eraikin berria
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: miércoles, 12 enero 2011 12:49

DONOSTIA, 12 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak Orioko (Gipuzkoa) sare eta biltegiratzerako eraikin berria inauguratu du. Jon Redondo Orioko alkatea eta Igor Iturain Aiako alkateak ere izan dira ekitaldian. Obrak 4,6 milioi euroko aurrekontua izan du, 2009ko abenduan hasi zen eta espero zena baino hilabete lehenago amaitu dira.

Obra honekin Eusko Jaurlaritzaren asmoa da Orioko San Nikolas arrantzaleen kofradiak egun duen espazio-beharrari erantzutea, ez baitute nahikoa leku arrantzarako tresnak, lanabesak eta sareak gordetzeko, sareak konpondu eta muntatzeko, eta kofradiako administrazio-lanak egiteko.

Eraikinaren azalera erabilgarria 3.472 metro koadrokoa da, eta honako eremu hauek ditu: sareak mantendu eta konpontzeko lanak egiteko eta biltegiratzerako eremu komuna, banako bederatzi biltegi eta portu-zerbitzuetarako beste biltegi bat, eta portu-administrazioaren eta kofradiaren beraren instalazioak.

Eraikitako multzoak, beraz, lau erabilera berezitu izango ditu. Batetik, Gipuzkoako Portuen Zerbitzuaren eta Kofradiaren administrazio-bulegoak egongo dira. Beheko solairuan batzartzeko eremuak egongo dira, eta, lehenengo solairuan, berriz, administrazio-lanetarako eremuak.

Bestetik, banako bederatzi biltegi edo soto arrantza-erabileretarako izango dira, aireztapenarekin, arrantza-tresnak eta kutxak biltegiratu eta lehortzeko. Beste biltegi bat ere egongo da, Portuen Zerbitzurako.

Hirugarrenik, arrantza-kanpainetan erabili ez diren sareak biltegiratzeko edo lurrean dauden aldian lehortzeko biltegia (siloak) egin da. Horien karga egitea planteatzen da, bai itsasontzitik bertatik (sarbide-ahoak lehenengo solairuan, ekialdean), bai lurretik (mendebaldean), sare berrietarako edo horien tarteetarako.

Azkenik, sareak biltegiratu eta konpontzeko (nabea), arrantza-kanpainan saneatzeko edota sare berriak prestatzeko eremua dago. Horretarako, hormigoizko sarbide-ahoak egin dira lehenengo solairuan (eraikinaren iraunkortasuna bultzatzeko). Horrez gain, sareen biltegian gordetako sareak barruan manipulatzeko aukera ere aurrez ikusi da. Beraz, eraikinaren berezko erabilerari edo erabilera nagusiari dagokionez, industria-biltegia dela esan daiteke.

BESTE JARDUERAK

Bestalde, duela egun gutxi, Orioko kirol-dartsenari zerbitzu egingo dioten hiru eraikinak amaitzeko obrak hasi dira. Aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da, eta lana burutzeko epea, berriz, zortzi hilabetekoa.

Birmoldatzen ari diren eraikinetako batean, portuko Kapitaintza egongo da, eta beste bi eraikinak hainbat zereginetarako erabiliko dira, portuan egiten diren zerbitzuak osatzeko.