Ortuzarrek uste du espetxeen eskumena Euskadira transferitu behar dela, "mundu guztiak onartu duelako ETA bukatu dela"

Andoni Ortuzar
Europa Press
Actualizado: martes, 15 enero 2013 12:11

BILBO, 15 Ene. (EUROPA PRESS) -

Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak uste du Espainiako Gobernuak espetxeen eskumena transferitu behar duela Euskadira, "mundu guztiak onartu duelako ETA bukatu dela". Horrela, espetxe politika aldatzea "borondate politikoaren" kontua dela iritzi dio.

Onda Cero irratiari eskaini eta Europa Press-ek jaso duen elkarrizketa batean, orain arte Espainiako Gobernuak beti uko egin dion arren, Ortuzarrek esan du orain espetxeen eskumena transferitu daitekeela, "politika Euskadin zeharo aldatu delako eta mundu guztiak onartu duelako ETA bukatu dela". "Beste gauza bat da desegite formala noiz gertatzen den", gaineratu du.

"Baina nire iritziz, denek uste dute, baita PPkoak ere, ETAk betirako utzi duela bere jarduera. Orain urratsak eman behar dira, espetxe politikan egin zen guztia salbuespenezkoa izan zelako, salbuespenezko egoera bati erantzuten ziolako", azaldu du.

Bere ustez, "salbuespenezko egoera hori bukatu bada, legeen salbuespenezko aplikazioa ere bukatu egin behar da". "Lege naturalera itzuli behar dugu, Kode Penal normalera, edozein hiritarri aplikatzen zaionera, bestela presoei izaera berezia ematen egongo ginateke", azaldu du.

Zentzu honetan, Ortuzarrek adierazi du PPk diola ETAko presoak ez direlako preso politikoak, "baina, aldi berean, modu berezian tratatzen ditu". "Hori kontraesan bat da. Beraz, guk uste dugu egoera berezi hau bukatu bada, lege bereziak ere bukatu behar direla. Eta ez da zertan legerik aldatu behar arazo honen alderdi handi bat konpontzeko. Borondate politikoa da", ziurtatu du.