Osakidetzak milioi bat euro inbertitu du Bilboko Areilza Doktorea anbulatoriorako erresonantzia ekipo berrian

Ekipo berriaren irudia
Foto: OSAKIDETZA
Actualizado: miércoles, 29 enero 2014 13:57

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Areilza Doktorea anbulatorioko Osatek zerbitzuaren irudi bidezko diagnosi unitateak erresonantzia magnetikoko ekipo berri bat dauka, Osakidetzak egindako ia milioi bat euroko inbertsioaren ondoren. Ekipo berriak azken teknologiaz dauka, "jauzi kualitatiboa" dakar egin daitezkeen azterketen kalitateari dagokionez, eta alor horretan eskuragarri dauden bitarteko onenen bermea eskaintzen dio pazienteari, Osakidetzako iturriek adierazi dutenez.

   Erresonantzia magnetikoko ekipoa berritzea era horretako ekipoak etengabe berritzeko eta eguneratzeko prozesuaren barruan sartzen da, horrelako probak egin behar dituzten pazienteei emandako arreta hobetzeko betiere. Zehazki, 2014an Donostia Unitateko beste ekipo bat berritzea aurreikusi da, bai eta hainbat ekipo eguneratzea eta modernizatzea ere Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian.

   Basurto (Bilbo) zein Gurutzeta eta San Eloy (Barakaldo) ospitaleetako eragin esparruko paziente ibiltari eta ospitaleratu batzuen diagnosi beharrei erantzungo die Bilboko ekipo berriak. Astean ia 280 paziente igaroko dira ekipo berritik, erresonantzia unitateak asteko zazpi egunetan lan egiten baitu, 07:00etatik 22:30era arte, etenik gabe.

   Erradiodiagnostikoan espezializatuta dauden lau sendagile daude lantaldean, bai eta erradiologiako hainbat teknikari ere. Horiez gain, irudi bidezko diagnostikoaren alorrean esperientzia handia duten langile laguntzaileak ere badaude, etengabeko prestakuntza prozesuan murgilduta. "Horri guztiari esker, teknologia sofistikatu horren baliabideak ahalik eta gehien balia daitezke, eta errendimendurik handiena ateratzen zaio hain garestia den teknologiari", azaldu dute.

IRUDIAREN KALITATEA

   Ekipo berriak (Siemens enpresaren Magnetom Essenza) 1,5 teslako iman bat du, eta irrati maiztasuneko 16 kanal; horien bitartez lau antena ere konekta daitezke aldi berean, bai eta gehienez 48 elementu ezberdin ere. Horrek guztiak nabarmen handitzen du irudiaren kalitatea eta esplorazio denborak murrizten.

   Ezaugarri horiek "jauzi teknologiko oso handi bat" dakarte ordezkatzen duen ekipoaren aldean. Softwarearen azken bertsioari esker, orobat, aurreko ekipoek baino aplikazio estandar eta aurreratu gehiago eskaintzen ditu.

   Ekipo berriak burutik oinetarako edozer organo aztertzea ahalbidetuko du, ekipamendu gehigarri zabala baitu (burezur eta lepoa, bizkarrezurra, gorputza, gorputz-adarrak eta belauna), bai eta antena sofistikatu batzuk ere angiologia periferikoa zein eskumutur, orkatila eta bularreko bereizmen handiko azterketak egiteko.

   Gaur egun erabiltzen diren teknikarik konplexuenetarako beharrezko softwarea du (besteak beste, difusio edo perfusioko azterketak, angiografia denbora errealean eta kontraste bidezko azterketa dinamikoak egiteko); horrez gain, hobekuntza nabarmena ere badakar ohiko azterketen irudi kalitateari dagokionez.

   Pazienteko tunel ultralaburrak (147 zentimetro eta ertz irekiak ditu) klaustrofobia sentsazioa txikiagotzen du, azterketa asko burua imanaren barruan sartu gabe egin baitaitezke. Azkenik, kalitate handiko gradienteen sistemak, pantailatze aktibodunak, AudioConfort sistema ere badu, eta zarata nabarmen murrizten da irudiak hartzeko orduan.