Osakidetzako ikertzaileek loaren apneari eta arterietako hipertentsioari buruzko ikerketa batean parte hartu dute

Osakidetzako ikertzaileak
Foto: OSAKIDETZA
Actualizado: jueves, 30 enero 2014 13:54

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   Loaren Espainiar Elkarteak lankidetzan egindako azterlan multizentriko bat argitaratu berri du Amerikako Medikuntza Elkartearen 'Jama' aldizkari ospetsuak, eta azterlan horretan Osakidetzako zortzi ikertzailek parte hartu dute, Arabako Unibertsitate Ospitaleko BioAraba Proiektukoak, hain zuzen.

   "Effect of CPAP on Blood Pressure in Patients With Obstructive Sleep Apnea and Resistant Hypertension. The Hiparco Randomized Clinical Trial" (Arnas bideetako presio positibo jarraituko sudurreko maskaren eragina loaren apnea buxatzailea eta arterietako hipertentsio errefraktarioa duten pazienteen arteria-presioan: Hiparco saiakuntza kliniko aleatorizatua) du izena azterlanak.

   Osakidetzako euskal ikertzaile eta Arabako Unibertsitate Ospitaleko BioAraba Proiektuko Ikerketa Zerbitzuko kide Joaquin Duran-Cantolla izan da ikerketaren egileetako bat. Bere hitzetan, "hipertentsio errefraktarioa eta loaren apnea duten pazienteetan arinki presurizatutako airezko sudurreko CPAP maskarak erabiltzearen bitartez arteria-presioaren zifretan egindako murrizketan izan den eragina ebaluatu da azterlanean (ingelesezko CPAP siglen euskarazko baliokidea 'arnas bideetako presio positibo jarraitua' da)". Valentziako La Fe Ospitaleko ikertzaile Miguel Angel Martinez Garcia izan da ikerketaren buru.

   Duran-Cantolla doktoreak adierazi duenez, ikerketa medikuntzaren arlo horretan gaur egun arte inoiz egin den "azterlanik garrantzitsu eta handiena da". "Arterietako hipertentsio errefraktarioa duten pazienteen %70 baino gehiagok loaren apnea dute, eta gehienak ez daude diagnostikatuta", azaldu du.

ONDORIOAK

   Azterlanaren ondorioetatik mezu bi atera dira osasun elkarteko kideentzat eta arterietako hipertentsio errefraktarioa eta loaren apnea duten pazienteentzat. Alde batetik, hipertentsio errefraktarioa duen paziente oro aztertu behar da, oraindik diagnostikatu ez zaion loaren apnearik ez duela ziurtatzeko, eta, bestetik, arinki presurizatutako airezko sudurreko CPAP maskaren bidezko tratamenduak arteria-presioaren zifrak nabarmen murrizten laguntzen du.

   Hiparco azterlanean, hipertentsio errefraktarioa eta loaren apnea zuten 194 paziente bi taldetan banatu ziren, ausazko eran. Lehen taldeko pazienteei ohiko tratamendua eman zitzaien, eta bigarren taldekoek, ordea, ohiko tratamendua jasotzeaz gain, loaren apnearen tratamendua ere jaso zuten, CPAP tresnaren bitartez.

   Pazienteen arteria presioa 24 orduz kontrolatu zuten erregistro sistema elektrokardiografiko eramangarriaren bitartez, eta 12 astez jarraipena egin zitzaien. Duran-Cantollak adierazi duenez, "CPAP jaso zuten pazienteetan nabarmen murriztu zen arteria presioa, bai sistolikoa bai diastolikoa, arteria presiorako tratamendua soilik (CPAPik ez) jaso zuen taldeko pazienteen aldean. Hori bereziki agerikoa izaten da gauez eta tratamenduari behar bezala atxikitzen zaizkion pazienteetan".

   Osakidetzako ikertzaileak gogorarazi duenez, "ebidentzia zientifikoak egiaztatu du odol presioaren murrizketa minimoak ere (bi edo hiru mmHg, esate baterako) eragin kliniko esanguratsua izan dezakeela heriotza kardiobaskularren tasa murriztean (tasa hori %6-8 ere murriztu daiteke iktusen kasuan, eta %4-5, kardiopatia koronarioan). Horregatik da hain garrantzitsua azterlan hau".

   Hipertentsioa duten pazienteen %12tik %27ra bitartekoek gutxienez hiru medikamendu antihipertentsibo behar dituzte gaixotasuna behar bezala kontrolatzeko. Paziente horiek, gainera, arterietako hipertentsio errefraktarioa dutela jotzen da. Talde horrek aukera gehiago du (%50eko probabilitatea) gertaera kardiobaskularren bat izateko, soilik arterietako hipertentsio ez errefraktarioa duten pazienteek baino.

   Bestalde, loaren apnea buxatzaileak helduaroan dagoen biztanleria orokorraren %4tik %6ra bitartekoei eragiten die, eta ehuneko horrek gora egiten du adinean aurrera egin ahala. Sindrome horren ezaugarria da aire bideak behin eta berriz buxatzen direla gauez, eta horren ondorioz, pazienteak oxigenoa falta izaten du aldizka, eta loaren etenaldiak gertatzen dira. Nazioarteko ebidentziak frogatu du loaren apnea buxatzailea dela arterietako hipertentsio errefraktarioaren arrisku faktore ohikoenetako bat.