Osasun-langileak ez direnek desfibriladore automatikoak erabili ahal izango dituzte EAEn

Actualizado: miércoles, 5 enero 2011 12:23

BILBO, 5 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak dekretu bat onartu du osasun-langileak ez direnek ere desfibriladore automatikoak erabiltzeko gai izan daitezen aurrerantzean, betiere Osakidetzako larrialdi-zerbitzuen jarraipideak beteaz. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian joan den abenduaren 27an argitaraturiko 337/2010 dekretua da, hain zuzen, aurreko dekretu batzuk eraldatzen dituena, Europako araudira egokituz.

Aldaketa nagusia da osasun-langileak ez direnek kanpoko desfibriladore automatikoak erabili ahal izango dituztela, betiere erabilera hori bihotz-biriketako bizkortzearen oinarrizko eskeman txertaturik eta Osakidetzako larrialdi-zerbitzuen laguntzaz gauzatzen bada.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, "garrantzia handiko ekimena da", kontuan hartuta osasun-prestakuntzarik gabeko pertsonak izan ohi direla berehalako desfibrilazio prozesua eskatzen duen egoera bati aurre egin behar izaten diotenak. Kasuotan, erabakiorra gerta liteke ahalik eta azkarren jardutea, osasun-larrialdietako ekipoak iritsi bitartean. Izan ere, kanpoko desfibriladore automatikoak bereziki diseinatuta daude leku jendetsuetan kokatzeko.

Nolanahi ere, mota honetako desfibriladore bat instalatu nahi duten pertsona fisiko nahiz juridikoek Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailari jakinarazi beharko diote, aldez aurretik. Era berean, bere kokapen zehatza eta ezaugarri teknikoak adierazi beharko dituzte. Hala, ezarritako desfibriladoreen erregistro bat dauka Osasun eta Kontsumo Sailak eta horrek erraztu egiten du larrialdi-zerbitzuen lana, honelako gailu bat eskura non dagoen baitakite.