Osasunaren profesionalek patologianiztuneko paziente kronikoaren laguntza jarraitua nola hobetu eztabaidatu dute Bilbon

Actualizado: jueves, 6 octubre 2011 19:43

BILBO, 6 Oct. (EUROPA PRESS) -

Osasunaren arloko 100 profesional baino gehiago elkartu dira gaur, urriaren 6an, Basurtuko Ospitalean, Bilbon, "Patologianiztun paziente kronikoari egin beharreko laguntzaren jarraipena hobetzeko estrategiak: profesionalen, kudeatzaileen eta sozietate zientifikoen aliantzak sustatzea".

Jardunaldian parte hartu dute lehen mailako arretako, barne medikuntzako eta erizaintzako klinikoek, Osakidetzako kudeatzaileek, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailekoek eta SEMI, OSATZEN, EFEKEFE eta SEMERGEN sozietate zientifikoetako ordezkariek, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez.

Hain zuzen ere, gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen tratamendua jorratzeko profesionalen arteko aliantzak bilatzeko egon dira sozietate zientifikoak jardunaldian. Helburua da laguntza-mailen arteko integrazio klinikoa hobetzea, horixe jasotzen baita Euskadin Kronikotasunaren Erronkari heltzeko Estrategian.

Jardunaldian azaldu dira Mendebaldeko eskualdean eta Mendaroko Ospitalean izandako integrazio klinikoko esperientziak, bai eta Ekialdeko eskualdean eta Donostia Ospitalean eta OAI Bidasoan izandakoak ere. Horiek dira abiaburu; izan ere, antzeko beste ekimen batzuk ere nahi dira bultzatu, eta beste zenbaitetan ari dira praktikan jartzen, Osakidetza sarean.

Horietako batzuetan zerbitzuak bateratu egin dira erakunde bakarrean; horren adibide da Bizkaiko Osasun Mentaleko sarea. Beste batzuetan, berriz, ez dago horretara iristeko asmorik ere, baina bai elkarren artean harreman gehiago izatera iristekoa; horren adibide da, esaterako, Galdakaoko Ospitalea eta Barrualdeko Eskualdearen arteko kasua.

Alde horretatik, Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo sailburuak jardunaldiaren aurkezpen-ekitaldian nabarmendu du honelako prozesuak "funtsezkoak" direla euskal osasun-sistemako asistentzia-eredua aldatzeko proiektuari indarra emateko, eta adierazi du epe laburrerako helburua dela Osakidetzaren erakunde askok arreta klinikoko prozesuak integratuta izatea, horrekin lortuko baita paziente kronikoaren beharrei erantzun hobea, eraginkorragoa eta kalitate handiagokoa ematea.

Horregatik, Bengoak nabarmendu du osasunaren arloko profesionalek eta sare horretatik bertatik abian jartzen ari diren proiektuek ezinbesteko zeregina dutela, paziente kronikoen tratamenduetan ahalik eta eraginkortasunik gehien lortzeko.