Oskarbik euskal poesiari lotutako kontzertua emango du asteartean Bilboko Arriagan

Oskarbi asteartean Arriagan
ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: lunes, 15 febrero 2016 11:52

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Oskarbi taldeak euskal poesiari lotua dagoen egitaraua eskainiko du astearte honetan, otsailaren 16an, Bilboko Arriaga antzokiko Gelatxoetan, 20:00etatik aurrera, antzoki bilbotarreko arduradunek iragarri dutenez.

   Horrela, Arriagako foyerrean agertuko dira duela ia 50 urtetik Iñaki Maritxalarrek eta Joxelu Trekuk gidatutako taldea. Haiek dira 1966ko azaroan Oskarbi sortu zenetik taldean mantentzen diren partaideak, eta haiekin batera, Maite Aizkorreta (jatorrizko partaidea ere, baina utzi eta berriz itzulitakoa), Bakartxo Maritxalar (taldearen fase desberdinetan ibilitakoa), Carlos Ruiz eta Beronik Ondikola arituko dira ahotsetan.

   Musika jotzeari dagokionez, Iñaki Maritxalarrek gitarra hartuko du esku artean, Carlos Ruizek akordeoia, flauta jotzen Gontzal Iñarra izango da, perkusioaz Diego de Vera arduratuko da, Joana Ortegak joko du teklatua eta, azkenik, Maite Lopez de Arbina biolinista ere azalduko da oholtza gainean, Oskarbirekin lehenengo aldiz jotzeko.

   Oskarbi taldeak, esan bezala, 1966ko azaroan eman zituen lehen pausoak. 50 urte beteko dira, beraz, taldea euskal kanta herrikoiak zabaltzen hasi eta euskal kanta berriak egiten hasi zela. Bere ibilbide luzean kantaldi eta kontzertu andana eman ditu, Euskal Herrian batez ere. Lau urtez, Oskarbikoak Ez Dok Amairu taldeko partaide izan ziren (1967-1971). Hamar disko plazaratu dituzte eta hamaikagarrena grabatzen hasi dira.

   Oskarbik, gutxienez, 20 aldiz kantatu du Bilbon. Lehen aldia 1968ko ekainaren 13an izan zen, Zurbaran auzoan, Ez Dok Amairu bezala. Halere, aipagarriena seguruenik, Oskarbik eta Joan Manuel Serratek Casillan emandako kantaldia da, 1978ko otsailaren 3an.

   Astearte honetan, Arriagako Gelatxoetan euskal poesiari lotua dagoen egitaraua eskainiko du Oskarbik, bere faktorian sortutako musika gehienbat eta doinu herrikoiak ere. Sarrerak, 8 eta 12 euro artean, www.teatroarriaga.com webgunean, 946 850 850 telefonoan eta antzokiko txarteldegietan erosi daitezke, aurretiazko salmenta ordutegian.