Otis Taylor eta Corey Harris Getxoko 23. Blues Jaialdian izango dira

Actualizado: martes, 5 abril 2011 15:10

BILBO, 5 Abr. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) 23. Nazioarteko Blues Jaialdia ekainaren 17tik 19ra ospatuko da eta egitaraua gauzatzen hasi da. Horrela, jaialdiaren egun nagusian, ekainaren 18an, Otis Taylor egungo blues eszenaren musikari ospetsuenetakoa eta Corey Harris artista eklektikoa ariko dira. Saioa Algortako Biotz Alai plazan izango da, 20:00etan, eta sarrerak maiatzaren 2tik egongo dira salgai.

Antolatzaileek adierazi dutenez, azken urteetan, Otis Taylor-ek (1949, Chicago) ospe handia lortu du blues munduan. Bere musika afroamerikar sutrai sakonetan oinarrituta dago, Mississippiko Deltaren bluesean du ardatz nagusia eta jazzaren eragina du. Bere abestien hitzak konprometituak dira eta arrazismoaz, pobreziaz eta erredentzioaz mintzatzen dira, besteak beste. Horiez eta gitarraren riff-ez baliatuta, Taylor-ek sentsibilitate handiaz hornitzen du bere lana.

Oso gaztea zela hasi zen Taylorren musika jarduera. Bere haurtzaoran banjoa jotzen ikasi zuen eta, ondoren, tresna hori baztertu zuen aho-soinua eta gitarra ikasteko. Handik gutxira jarduera profesionala hasi zuen zenbait taldetan jotzen Amerikako Estatu Batuetan zein Europan, 1977ra arte. Garai horretan musikaren mundutik aldendu zen antigoalen merkatari bilakatzeko.

1995ean, ia bi hamarkadako etenaldiaren ondoren, Taylor berriro ere agertu zen agertokietan eta, ordutik hona, 12 bat lan arrakastatsu grabatu ditu; horien artean "When Negroes Walked the Herat", "Respect The Dead" eta "White African" aipatu behar dira. Halaber, abestiak idatzi eta grabatu ditu zenbait pelikuletarako eta blues bilduma-diskoetan ere parte hartu du, Gary Moore artista ospetsuarekin eginiko elkarlana ahaztu barik.

Bestalde, Corey Harris-en (1969, Denver) estiloa definitzea zaila da, bluesa, rythm&bluesa, reggaea, folka eta Afrikako doinuak uztartzen baititu eta sarritan folk-bluesera eta tradiziozko erritmoetara hurbiltzen delako. Doinuak nahasteko duen erraztasunari eta biziki gogoko duen musika-ikerkuntzari esker, Henry Butler edo Ali Farka Toure gitarrista afrikar ospetsuarekin jardun da elkarlanean. Gainera, bluesaren istoriaren inguruko zenbait dokumentaletan parte hartu du, esaterako, Martin Scorsese zinemagileak zuzendutako "The Blues" sailean.

Egungo bluesman-en artean nabarmendu da Harris azken urteetan eta kritikarien zein publikoaren babesa du. "Between Midnight and Day", "Fish Ain't Bitin'", "Greens From the Garden" ospetsua, "Downhome Sophisticate" eta "Mississippi to Mali" ditu lanik ezagunenak, eta horietan guztiean ezin hobeto erakutsi du bere musikaren aberastasuna eta estiloak uztartzeko duen trebezia.