Paprika Steen aktorea, 63. Donostia Zinemaldiko epaimahaiburu

Actualizado: lunes, 14 septiembre 2015 11:45

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

   Zinematografiaren munduko zazpi profesional "gailenek" osatuko dute 63. Donostia Zinemaldiko epaimahai ofiziala, eta Paprika Steen aktorea epaimahaiburua izango da. Bille August zuzendariaren "Stille Hjerte / Silent Heart" filmarengatik emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen iaz aktore daniarrak.

   Harekin batera, Nandita Das aktore eta zuzendaria, Daniel Monzón zuzendaria, Hernán Musaluppi eta Julie Salvador ekoizleak, Uberto Pasolini zuzendari eta ekoizlea eta Luciano Tovolo argazki zuzendaria epaimahaikide izango dira, Donostia Zinemaldiak jakinarazi duenez.

   Halaber, antolakuntzak adierazi du igande gaueko 21:00ak arte Donostia Zinemaldiko saioetarako 60.000 bat sarrera saldu direla, igandean bertan salgai jarri zirenetik. 2014ko egun bereko 21:00ak arte baino 3.553 sarrera gehiago saldu dira, eta salmenta "arin" doala esan du antolakuntzak.

   Horrela, aurretiazko salmentan saio askotarako sarrerak jada agortu dira, eta, besteak beste, Asier Altunaren "Amama", Cesc Gay zuzendariaren "Truman" eta Jean-Marie eta Arnaud Larrieu zinemagileen "21 Nuits avec Pattie" filmetarako sarrerak izan dira agortzen lehenak.