Pascual-Vilaplanak Bilboko Musika Banda zuzenduko du igandean Euskalduna Jauregian

José Rafael Pascual-Vilaplana
Foto: BILBAOMUSIKA
Actualizado: viernes, 24 octubre 2014 17:34
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udal Musika Bandak udazken-neguko denboraldiko beste kontzertu bat eskainiko du igandean, urriaren 26an, Euskalduna Jauregiko auditoriumean, José Rafael Pascual-Vilaplanaren zuzendaritzapean. "Bi menderen artean" izenburuko kontzertua 12:00etan hasiko da eta sarrerak bi euro balio du.

   BilbaoMusika erakundeak jakinarazi duenez, mundu osoko taldeetako ohiko zuzendari gonbidatua den Pascual-Vilaplana zuzendariak gidatuko du banda bilbotarra, eta ordena kronologikoan interpretatuko den XX. eta XXI. mendeetako musikako programa bat hautatu du.

   Programaren lehenengo zatian, Vincent Persichettik 1952an konposatutako "Psalm for band, op. 53", Howard Hansonen 1975eko "Laude. Chorale and variations" eta Mark Camphouseren 1992ko "A movement for Rosa" entzungo dira, eta bigarren zatian, Eric Whitacreren 2001eko "Cloudburst" eta David Maslankak 2005ean idatzitako "Give us this day: Short symphony for wind ensemble".

   José Rafael Pascual-Vilaplana Muron (Alacant) jaio zen 1971n, eta bandako eta orkestrako zuzendaritza ikasi zuen Jan Cober, Eugene Corporon, Karl Österreicher, Hans Graf, Yuji Yuhasa eta Georges Pehlivanian maisuekin. Zuzendaria izan da hainbat banda eta talde sinfonikotan, Europan zein Amerikan, eta lan sinfonikoak, ganberakoak, koralak eta antzerkirako musika intzidentala konposatu ditu.

   Zuzendari modura 20 CD baino gehiago grabatu ditu, bai eta zenbait DVD ere. Gaur egun Albaceteko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusia eta Portuguesa Banda Sinfonikoko eta Murtziako UCAM Orkestra Sinfonikoko zuzendari gonbidatu nagusia da, besteak beste.