Paul Austerrek "4 3 2 1" bere eleberri berria aurkeztuko du irailean Bilbon

Paul Austerren azken lana
AZKUNA ZENTROA
Actualizado: lunes, 10 julio 2017 11:34

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

Paul Auster idazle estatubatuarrak "4 3 2 1" izenburuko bere eleberri berria aurkeztuko du Bilboko Azkuna Zentroan irailaren 6an, Europan zehar egingo duen biraren barruan. Ekitaldia aretoko auditoriumean izango da, 19:30etik aurrera, eta sarrerak eskuragarri daude Infopuntuan eta www.azkunazentroa.eus webgunean.

AEBetako gaur egungo idazlerik handienetakoa da Paul Auster (New Jersey, AEB, 1947), eta oso lan ezagunak egin ditu, tartean New Yorkeko trilogia. Columbian egin zituen ikasketak, eta, literaturan lizentziatu ondoren, Parisera bizitzera joan zen. Itzultzaile lana egin zuen bertan, 1974an AEBetara itzuli zen arte. Ordutik Brooklynen bizi da, eta literaturan jardun du, "City of Glass", "Ghosts" eta "The Locked Room" eleberriekin lortutako arrakasta ikusi ondoren.

Bere lanetan, Austerrek filosofiatik eta existentzialismotik hurbil dauden gaiak nahasten ditu, maiz errealismo magikora hurbiltzen diren bilbeekin, eta emaitza "oso arrakastatsua" izan da, adibidez, "In the Country of Last Things", "Moon Palace" eta "Leviathan" lanak. Gainera, zinemaren zale amorratua izan da beti, eta zenbait gidoi idatzi ditu: "The Music of Chance", "Smoke", "Blue in the Face", "Lulu on the Bridge" eta "The Inner Life of Martin Frost". Baten bat zuzendu ere egin du. Azken urteetan antologia batzuk atera dira, bere poesia onenarekin.

Literatur ibilbidean sari ugari lortu ditu Austerrek, besteak beste, Medicis, Frantziako Arteen eta Letren Ordena eta Letretako Asturiasko Printzea Saria. 30 hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli dituzte bere lanak.

"4 3 2 1"

Bere liburu berria "4 3 2 1" da. Ferguson da eleberriaren protagonista, eta horrekin batera, bere jaiotza data eta lekua (1947ko maiatzaren 3a, Newark, New Jersey) da berataz dakigun gauza bakarra. Istorioak maitasuna, laguntasuna, familia, artea, politika eta heriotza uztartzen ditu, protagonistak bizi izandako ibilbide desberdinak azaleratuz, baita XX. mendeko erdialdean AEBtan bizi izandako zenbait ekimen garrantzitsu ere.

Austerrek zazpi urtetan idatzi duen lehen eleberria da "4 3 2 1". Bertan, erabakiek eta zoriak duen eragina egunerokotasunean azaleratzen du, "gertatutako guztiak ate batzuk zabaldu eta beste batzuk, berriz, itxi egiten baititu".

"Nire bizitza eta ibilbide osoaren ondorio da liburua", adierazi zuen idazleak Wim Wenders zinemagilearekin izandako elkarrizketa batean. Hedabideek ("Harper's Magazine"), ordea, "Austerren idazkirik onena" dela esan dute.