Pearl Jam taldeak martxoaren 29an berrargitaratuko ditu "Vs" eta "Vitalogy" diskoak

Actualizado: viernes, 4 febrero 2011 13:07

BILBO, 4 Feb. (EUROPA PRESS) -

Pearl Jam talde estatubatuarrak datorren martxoaren 29an berrargitaratuko ditu "Vs" (1993) eta "Vitalogy" (1994) diskoak, urte honetan ospatzen ari den 20. urteurreneko ekintzen artean. Bi diskoetako bertsio zabalduak izango dira -'Legacy', 'Deluxe' eta 'Collector'-, eta biniloan ere argitaratuko dira, apirilaren 12an, Record Store Day delakoa ospatzeko, taldeak bere webgunearen bidez jakinarazi duenez.

'Legacy' bertsioak jatorrizko diskoak bilduko ditu berriro masterizatuak, garaian argitaratu gabeko grabazio batzuekin batera. Horrela, "Vs" diskoak "Hold On", "Cready Stomp" eta "Crazy Mary" (Victoria Williams-ekin kolaborazioa) abestiak berreskuratuko ditu, eta "Vitalogy" diskoak, "Better Man" abestiaren gitarra eta organoarekin egindako bertsio bat, "Corduroy"-ren bertsio alternatibo bat eta "Nothingman" kantaren maketa bat barne hartuko ditu.

'Deluxe' berrargitalpenak aurretik aipaturiko guztia bilduko duten hiru CD izango ditu -bi diskoak batera-, "Live at the Orpheum Theatre" zuzenekoarekin batera; kontzertu hori 1994ko apirilaren 12an grabatu zen, Bostonen, eta jarraitzaile sutsuenek gehien eskatzen eta aintzatesten dutenetakoa da.

Azkenik, bildumazaleentzako 'Collector' bertsioak bost LP, hiru CD, kasete bat, deskarga digitalak egiteko aukera, liburu bat eta hainbat bitxikeri izango ditu. Bi diskoak biltzeaz gain, kutxak taldearen 59 kontzertu eskainiko ditu. Bertsio hau www.pearljam.com webgunean bakarrik erosi ahal izango da.

Urte hasieran iragarri zen taldeak 2011rako duen beste proiektuetako bat: Cameron Crowe-k zuzenduko duen "Pearl Jam Twenty" pelikula da, liburu batekin eta soinu-banda batekin batera. Crowe-k eta Pearl Jam-ek 1990ko hamarkadaren hasieran ere egin zuten lan elkarrekin "Singles" filman, orduan ezezagunak ziren taldekideek rol txiki batzuk egin baitzituzten pelikulan, soinu-bandan parte hartzeaz gain.