Pertsona bat atxilotu dute Donostian obra batean hainbat material lapurtzeagatik

Actualizado: martes, 19 agosto 2014 11:40

BILBAO, 19 Ago. (EUROPA PRESS) -

Gizonezko bat atxilotu dute bart Gipuzkoako hiriburuan indarrez lapurtzea egotzita. Hondeamakina baten azpian ezkutatuta zegoela harrapatu dute susmagarria, aurretik, obra baten sarrera bortxatu zuen ustez, eta zenbait material hartu eta antolatu zuen, lapurtzeko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Gaueko hamabi eta erdiak baino minutu batzuk lehenago, partikular batek Ertzaintzari jakinarazi dio lan egiten zuen Morlans kaleko eraikin batean, eraikitzeko prozesuan dagoena, horren behealdean, zaratak entzuten ari zela, eta lapurretan ari zirelakoan zegoela.

Handik gutxira, Ertzaintzaren patruila bat joan da tokira, eta agenteek eraikinaren inguruak ikuskatu dituzte. Hondeamakina baten azpian, bada, gizon bat harrapatu dute ezkutuan.

Agenteek identifikatu egin dute susmagarria, 23 urteko gizon bat, eta, ondoren, obrara sartzeko ate bat bortxatuta zegoela egiaztatu dute. Era berean, hori egiteko ustez erabilitako tresnak gordetzen zituen poltsa bat aurkitu dute.

Halaber, eraikuntza-gunearen barruan, material elektronikoa zuen beste poltsa bat aurkitu dute ertzainek. Ustez, obra barrutik hartu zuen, eta prestatu egin zuen, lapurtzeko. Eraikinaren barruan, hainbat ate bortxatuta zeudela ikusi dute agenteek.

Horiek horrela, ertzainek susmagarria atxilotu dute, indarra erabiliz lapurreta egitea egotzita, eta polizia-instalazioetara eraman dute.