Pertsona bat atxilotu dute Donostian taberna bateko zerbitzari bati labanaz mehatxu egiteagatik

Actualizado: lunes, 18 agosto 2014 14:33

BILBAO, 18 Ago. (EUROPA PRESS) -

Pertsona bat atxilotu dute astelehen goizaldean Donostian taberna bateko zerbitzari bati labanaz mehatxu egin diolako lokalera kamisetarik gabe sartu ondoren. Ertzainak heldu zirenean, agente bati egin zion mehatxu labanaz ere eta, horren ondorioz, agintaritzaren agenteen kontra atentatzea egotzi diote.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakaria Donostiako Zurriola hiribideko taberna batean izan da gaur goizaldeko ordu bata inguruan. Ordu horretan bi gizon sartu dira establezimendura, horietako bat kamisetarik gabe zihoazela. Lokaleko langile batek errieta egin dio, eta, ondoren, gizona laban batez zuzendu zaio, mehatxuka.

Gertakariaz ohartuta, Ertzaintzaren herritarren segurtasuneko patruila bat tabernara joan da, eta ustezko egilea aurkitu du, oraindik labana eskuineko eskuan zuelarik. Lurrera botatzeko eskatu diotenean, egilea agenteei zuzendu zaie labanaz. Agenteek defentsa-gailuak baliatu eta arma kentzea lortu dute, bai eta atxilotu ere.

Une horretan, berarekin zihoan gizona atxiloketa saihesten saiatu da, ertzainei oldarkor zuzenduta, eta ertzainetako bat heldu du. Hori dela eta, agintaritzaren agenteen kontra atentatzea egotzi diote. Liskarrean, aipatu gizona poltsikoan zeraman altzairuzko ukabil batez libratu da; geroago, agenteek atzeman dute.

Bi atxilotuek 41 eta 22 urte dituzte, eta aurretik zazpi aldiz atxilotu ditu Ertzaintzak. Polizia-etxera eraman dituzte, epailearen esku jartzeko zain.