Petrolio industriaren hiztegi eleaniztuna egingo dute Petronorrek eta Elhuyarrek

Leire Cancio eta Emiliano Lopez Atxurra
ELHUYAR/PETRONOR
Actualizado: martes, 11 julio 2017 13:06

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

Emiliano Lopez Atxurra Petronor konpainiaren presidenteak eta Leire Cancio Orueta Elhuyar Fundazioaren zuzendariak "Petrolio Industriaren Hiztegi Eleaniztuna" egiteko hitzarmena sinatu dute astearte honetan, Muskizen (Bizkaia). Horrenbestez, Petronorrek, erakunde bultzatzaile gisa, eta Elhuyarrek, bazkide teknologiko gisa, "energia konpainiaren terminologia kudeatu eta euskal sektorean duen ikusgaitasuna areagotzea" adostu dute.

Petrolio industrian erabiltzen den terminologia eleaniztuna bildu eta behar bezala kudeatzea da proiektuaren helburua, sektoreko langileen beharrizan linguistikoetan laguntza eta orientazioa emango duen baliabide bat eskaintzeaz gain.

Egitasmoaren aurkezpenean, Lopez Atxurrak euskararekiko atxikimendua azaldu du, eta Petronorrek "milaka urteko hizkuntza balioan jarri" nahi duela ziurtatu du, "energia zein teknologiaren alorrean euskararen modernizazioa areagotuz".

Bestalde, Canciok Petronorren laguntza eskertu du, eta hizkuntza "kudeaketa bikainaren alderdietako bat" dela gogoratu du, "komunikatzeko eta gizarteratzeko tresna denez gero".

Ekimenaren bitartez, "Petrolio Industriaren Hiztegi Eleaniztuna" eta Interneten kontsultatzeko aplikazioa sortuko dira. Hiztegiak 300 definizio tekniko eta sektorearekin zerikusia duten 1.500 kontzeptu espezializatu inguru bilduko ditu, sailen arabera antolatuta, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Datu basea Elhuyarren zerbitzarian kokatuko da, etorkizunean egin beharreko eguneratze eta mantentze lanak errazteko, eta Petronorren webgunean txertatuko da, edonork erabiltzeko aukera izan dezan. Aldi berean, ideia da kontsulta aplikazio berbera erabili ahal izatea, on line dauden beste hainbat hiztegitan ere bilaketak zuzenean egiteko.
Hiztegia 2018an amaituko da, Petronor 1968an eratu izanaren 50. urteurrenarekin bat eginez.