Pintura eta argazki erakusketak eskainiko ditu Expodistrito ekimenak Bilboko udaltegietan

Mª Asun Gomez Palaciosen pinturetako bat
Mª ASUN GOMEZ PALACIOS/BILBOKO UDALA
Actualizado: miércoles, 9 enero 2013 12:58

BILBO, 9 Ene. (EUROPA PRESS) -

Expodistrito Bilboko barrutietako udaltegietan egiten den aldi baterako erakusketen zikloak urtarrilaren 14an inauguratuko du urteko lehen hiruhilekorako programa. Apirilaren 12ra arte, Barrainkua, San Inazio-Ibarrekolanda, Otxarkoaga, Begoña, San Frantzisko, Castaños eta Burtsa-Ibaiondoko udaltegietara hurbiltzen direnek, lau pintura eta argazki erakusketaz gozatu ahal izango dute. Egitasmoa Yolanda Martinez Sacristanen eta Sandra Dolararen argazki erakusketekin eta Mª Asun Gomez Palacios paisaia-pintorearen lanekin hasiko da urtarrilaren 14an.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da Expodistrito, eta bere helburuen artean hiribilduko arte-adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, bai eta jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Ohikoa denez, erakusketak zazpi udaltegietatik txandakatzen joango dira.

Esan bezala, Yolanda Martinez Sacristanen eta Sandra Dolararen argazki erakusketekin hasiko da egitaraua. Yolanda Martinez Sacristan bilbotarrak zenbait estilo eta teknika landu ditu, eta une honetan, mundu digitalean murgilduta, tresna horiez baliatzen da, bere lanei, batzuetan, pintura ukitua emateko. Beste batzuetan lerroen gogortasunaz baliatzen da, kontrastez eta formaz betetako munduaren erretratua egiteko. Argazki erakusketa Barrainkuako Udaltegian erakutsiko da urtarrilaren 14tik 30era.

Halaber, Sandra Dolara soziologoak 150etik gora argazki bildu ditu bere erakusketa. "Retratos de arena" izeneko lan horrekin, artistak, emakumeen irudiak inmortalizatzeaz gain, emakume horien aurpegiek ematen dituzten mezuak entzutea bilatzen du. Argazki erakusketa San Frantziskoko Udaltegian ikusi ahal izango da lehenengo, urtarrilaren 14tik 30era.

Bestalde, Mª Asun Gomez Palaciosek bere pinturak erakusten ari da Begoñako Udaltegian urtarrilaren 30era arte. Bere aitaren eskutik ikasi zuen pinturaren teknika. Gehien atsegin dituen gaiak paisaia eta loreak dira batez ere, inpresionismorako joera duen estilo figuratiboan, olioan batez ere, baina beste teknika batzuk baztertu barik.

Horrez gain, Expodistrito programak hiruhileko honetarako prestatu duen programazioaren barruan, Bilboko Udalak 2013ko Inauterien berri emateko deitu duen kartel lehiaketan parte hartuko duten lanik onenak bilduko dituen erakusketa eskainiko du Barrainkuako Udaltegian, otsaileko lehen hamabostaldian.

ELKARTASUNEZKO EKIMENAK

Halaber, urteko lehen hiruhilekoan, elkartasunezko bi erakusketa ere bisitatu ahal izango dira. Lehenengoa, "Viñetas con causa" izenekoa, Asier&Javier umoregile grafikoen marrazkien aukeraketa bat da, eta erakusketaren barruan formatu handiko erreplikak salduko dira, Bizkaiko Caritasen alde. Erakusketa Otxarkoagako, Barrainkuako, Basurtuko eta Deustuko udaltegietan bisitatu ahal izango da.

Elkartasunezko bigarren ekimenak, "Un cuadro por una vida mejor" izenekoak, Raquel Rochas margolari bilbotarraren eta bere ikasle batzuen lanak erakutsiko ditu. Oraingoan, zenbait koadro zozkatuko dira, Vicente Ferrer Fundazioaren alde. Erakusketa martxoaren 4tik 15era egongo da ikusgai Barrainkuako Udaltegian.

Barrainkuako Udaltegian bertan, otsailaren bigarren hamabostaldian, ikus-entzuleek Gari Daly artista eta musikari polifazetikoaren lana ezagutzeko aukera izango dute. China Crisis pop-rock talde britainiarraren liderra Bilbon egongo da, Producciones Serrano-k antolatzen duen Musiketan jaialdiaren barruan kontzertu bat eskaintzeko otsailaren 17an.