Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak "Musika ari du" daramate Bilbora otsailaren 11an

"Musika Ari Du" Aurkeztu Dute
BBK ARETOA
Actualizado: lunes, 6 febrero 2017 17:07

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) Musika Ikasgelak eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek "Musika ari du" ikuskizuna eskainiko dute otsailaren 11n Bilboko BBK Aretoan. Gainera, Bizkaiko ikastetxeei zuzenduriko emanaldi bereziak izango dira toki berean hilaren 10, 13, 14, 15 eta 16an.

Ikuskizunaren aurkezpen prentsaurrekoan astelehen honetan adierazi dutenez, "barrearen melodia da zorionaren osagai magikoetako bat, eta, gainera, musika eta jolasarekin batera baldin badator, ziurtaturik dago ondo pasatzea".

Horrela, EOSen hari laukote bat eta Xabier Zabala musikagilea izango dira pailazo ospetsuekin batera musika emanaldian. Musikaren garrantzia erakutsi nahi diete txikienei, baita musikaren presentzia bizitzako egoera guztietan ere. Hari laukoteko kideak dira Oscar Lopez eta Igor Torre (biolinak), Arkaitz Martinez (biola) eta Jon Larraz (biolontxeloa).

Artistek, beren jantzi bereziak soinean dituztela, musikaren erritmoan jolastu eta abestuko dute ia ordu bat irauten duen emanaldian, Xabier Zabala musikagilearen eta Ravel, Bach, Vivaldi, Schubert edo Anderson konpositoreen lanak interpretatuz.

Publiko mota guztiei irekitako bi emanaldi izango dira hilaren 11n, 17:00etan eta 18:30ean. Gainera, Bizkaiko ikastetxeetako neska-mutilentzako emanaldiak izango dira hilaren 10, 13, 14, 15 eta 16an, eta 1.500 neska-mutil baino gehiago izango dira egun horietan BBK Aretoan ikuskizunarekin gozatzeko.