Plaka bat jarri dute Lauro ikastola sortu zen lekuan, Bilbon, haren 50. urteurrenean

Plaka agertzen
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 23 febrero 2016 14:38

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

   Plaka bat jarri dute astearte honetan Bilboko Elkano kaleko 6 zenbakian, Lauro ikastola sortu zen lekuan, hain zuzen ere, haren 50. urteurrena dela eta.

   Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Itziar Laskurain Lauro ikastolako presidentea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura foru diputatua eta hasierako garaietako andereñoak eta Julita Berrojalbiz sortzailearen senideak ere egon dira ekitaldian.

   Bilboko Elkano kaleko 6 zenbakian hasi zuen bere bidea gaur egun Loiun dagoen eta Bizkaiko lehenengotzat jotzen den Lauro ikastolak. Horregatik jarri nahi izan da plaka bat ikastola sortu zen leku berean, 50. urteurrena ospatzeko.

   Ikastolako ikasleek eskainitako ohorezko aurreskuaren ostean, Bilboko alkateak estalgabetu du plaka berria Julita Berrojalbiz ikastolaren sortzaile eta lehenengo zuzendari pedagogikoaren alaba den Isabel Andiarekin eta Itziar Laskurain Lauro ikastolako presidentearekin batera. Esker ona erakutsi zaie garai hartako andereñoei ere.

   Aurten betetzen dira 50 urte Resurrección Mª de Azkue ikastola finkatu eta legeztatu zenetik, horixe baitzen Lauro ikastolaren aurreneko izena. Euskaltzaindiaren bultzadak ekarri zuen legeztatze hori. Euskal Herriko lehenengo ikastola izan zen euskaraz eta gaztelaniaz irakasteko baimena eskuratu zuena.

   Bizkaiko Ikastolen Mugimendua Bilbon hasi zen 1957an, San Nikolas elizako dotrinako gelan, Xabier Peñaren eta Julita Berrojalbizen ekimenez, 14 ikasle eta Mª Angeles Garai andereñorekin. Lauro ikastolaren hazia ere izan zen.

   Gela hau itxi ondoren, frantziskotarren Iralabarriko komentura aldatu ziren. Handik ere bota egin zituzten ikasturte bi geroago. 1960an etxerik etxeko aldia hasi zen; euskararen irakaskuntzarekin konpromisoa hartua zuten familien etxeetan eman ohi zituzten eskolak. Leku batetik bestera aldatze hori legez kanpokoa zen; hartara, 1965ean hezkuntzaren lege berria onartu zenean, umeek eskolatze liburuxka eduki behar zuten batxilergoa egin ahal izateko. Julita Berrojalbizek eta bere taldeak legalitatera jotzea erabaki zuten orduan.

ELKANO 6

   Tere Rotaetxek, mugimenduaren bigarren zutabeak, pisu bat alokatu zien Elkano kaleko 6an, eta han finkatu zen Resurrección Mª de Azkue 1966an. Hurrengo urratsa erakundeen laguntza bilatzea izan zen, legeztatzeko eskaria egite aldera.

   Julita, Alfontso Irigoienen bidez, Euskaltzaindira joan zen, eta 1966ko urtarrileko bileran, euskararen akademiak ikastolaren proiektua bultzatzea eta haren jarraipena egitea erabaki zuen.

   Bultzada horri eta Bizkaiko Foru Aldundiaren gutun bati esker, eskaera ofiziala bidali zen Madrilgo Ministeriora, eta Azkue ikastola 1966ko ekainean inauguratu eta 1968an legeztatu zen: Euskal Herriko lehenengo ikastola izan zen euskaraz eta gaztelaniaz irakasteko baimena eskuratu zuena.