Pneumokokoaren txertoa haur guztientzat sartuko du Jaurlaritzak txertoen egutegian

Haurren txertoei buruzko agerraldia eskaini du Jaurlaritzak
Foto: IREKIA
Actualizado: jueves, 25 junio 2015 12:17

GASTEIZ, 25 (EUROPA PRESS)

   Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ostegun honetan iragarri du pneumokokoaren txertoa haurren txertoen egutegian sartuko dela uztailaren 1etik aurrera, Euskadiko Txertaketa Batzorde Aholkulariko adituen aholkuei jarraiki urte hasieran iragarritako txertaketa jarraibideen baitan.

   Miren Dorronsoro Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarekin eta Itziar Astigarraga Euskadiko Txertaketa Batzorde Aholkulariko zuzendariarekin batera egin du iragarpena Osasun sailburuak, Eusko Legebiltzarrean.

   Horrela, adierazi duenez, maiatzaren 1etik aurrera jaiotako haurrek pneumokokoaren txertoaren lehen dosia jasoko dute uztailaren 1etik aurrera, bi hilabete betetzen dituztenean, Osakidetzako osasun etxeetan. 2015eko urtarrilean onartutako txertaketa egutegiari jarraiki, hiru dosikoa izango da Euskadiko txertaketa eredua: haurrek bi, lau eta hamabi hilabete dituztenean.

   2015eko urtarrilaren 1etik apirilaren 30era jaiotako haurrei dagokienez, Osasun sailburuak jakinarazi du Osakidetzaren osasun etxeetan 2015ean jaiotako ume guztiei eskainiko zaiela txertoa, bizitzaren lehen urtean, eta bi dosi osatu arte, kontuan hartuta, betiere, zenbat dosi jaso dituzten aurretik. "2015ean jaiotako guztiek hirugarren dosi bat jasoko dute 12 hilabete betetzen dituztenean, ezarritako txertaketa eredua betetzeko", gaineratu du.

   "Gobernuak uste osoa du ekitatean, bai eta txertoa tresna eraginkor eta segurua dela ere, eta merezi duela horretan inbertitzea", ziurtatu du. Hori dela eta, 2015ean 2,5 milioi euro gehigarri bideratuko ditu pneumokokoaren txertoa erostera.

   Euskadik beti izan du "txerto politika aktibo eta berritzailea", eta, gaur egun, txertaketa estaldura onenetarikoa du, estatu zein Europa mailan: %90etik gora, baita %96tik gora ere, txerto garrantzitsuenei dagokienez. Estaldura zabalak eragina du herritarren osasunean, txertoa duten gaixotasun gehienek intzidentzia eskasa baitute Euskadin.

   "Gure ustez, gizarte eta osasun justiziako elementua dira txertoak. Horregatik, Osasun Sailak txertaketa egutegi egokiaren aldeko apustua egiten jarraituko du, gaixotasunak saihesteko eta ekitatea bermatzeko", azpimarratu du.