Poesia eta musika topaketa bat antolatu du Bilboko Udalak Poesiaren Munduko Eguna ospatzeko

Actualizado: miércoles, 18 marzo 2015 14:36

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak poesia eta musika uztartuko dituen topaketa batekin ospatuko du Poesiaren Munduko Eguna datorren astelehenean, martxoaren 23an. Ane Arteche arpa jotzaileak eta Iñaki Letamendia txalapartariak euskal melodia tradizionaletan oinarritutako errepertorioa eskainiko dute, Gabriel Aresti, Lauaxeta eta Ángela Figuera bezalako egileen poemei laguntzeko. Ekitaldia Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, 19:30etik aurrera, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

   Amaia Irazabal eta Amaia Ruiz antzezleak izango dira egile garaikideen euskarazko eta gaztelaniako testuen aukeraketari ahotsa jarriko diotenak. Horrela, "Aita Donostiaren Oinazez" edo "Maitia nun zira" eta "Eperrak" lan herrikoiak bezalako euskal melodiak entzun ahal izango dira, Lauaxeta, Aresti, Figuera edo T.S. Elliot bezalako idazleek idatzitako poemekin batera. Poesia ikuskizun berritzailea eta berezia izango dela adierazi du Bilboko Udalak.

   Ane Arteche arpa jotzaileak Zaragozako Kontserbatorioan amaitu zituen goi mailako ikasketak, Gloria María Martínez katedradunarekin. Musikarekiko orokorrean eta batez ere arparekiko zuen pasioaren ondorioz Bartzelonako Liceu antzokian jarraitu zuen bere teknika hobetzen. Euskal Herriko Gazte Orkestrako arpa jotzaile titular izan da, eta sarritan aritzen da Donostiako Easo Abesbatzarekin eta Nafarroako Opera Elkartearekin, beste batzuen artean.

   Artechek bere beste pasioetako batekin uztartzen du arpa, hau da, irakaskuntzarekin, Nafarroako Goi Kontserbatorioan eta Donostiako Musika Eskolan irakaslea baita. Horrez gain, klaseak ematen ditu Easoko Musika Eskolan eta Castejón de Soseko udako ikastaroetan. Umeei eta arpa ikasleei zuzendutako "Arpa airean" liburu didaktikoa argitaratu du, eta bi disko ere grabatu ditu: "Arpa airean" eta "Airean Arpa".

   Bestalde, Iñaki Letamendia txalapartaria Ormaiztegin (Gipuzkoa) jaio zen eta bertan hasi zituen musika ikasketak. Ondoren txistu ikasketak ere hasi zituen, Pascual Larrañaga txistulari eta herriko organo jotzailearekin. Bederatzi urte zituela Tolosara joan zen bizitzera, eta bertan ikasketak jarraitu zituen Miguel Martínez de Lecea irakaslearekin. Hamasei urte zituela udal bandako bigarren txistulari izendatu zuten, 1972ra arte, urte horretan banda desegin baitzen. Banda berria eratu zenean plaza lortzeko lehiaketara aurkeztu zen, eta lehen txistulari postua lortu zuen.