Polonia, Danimarka eta Txekiar Errepublikako bandak ariko dira Getxoko Jazzaldiaren Talde Lehiaketako finalean

Tobias Meinhart Quintet taldeak irabazi zuen iaz
GETXO JAZZ
Actualizado: lunes, 18 marzo 2013 15:20

BILBO, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Getxoko Jazzaldiaren 37. edizoko Talde Lehiaketako finalean parte hartuko duten taldeak dagoeneko hautatu dituzte. Aurten 56 taldek parte hartu dute aurreneko fasean eta, horien artean, honako lau hauek hautatu ditu epaimahaiak: Michal Szkil Quintet (Polonia), Artur Tuznik Trio (Danimarka), Jan Feco Quartet (Txekiar Errepublika) eta Freeway Quintet (Polonia). Aukeratutako taldeak uztailaren 3tik 6ra arituko dira Getxon lehiaketako lehen saria eskuratzeko. Iaz Tobias Meinhart Quintet taldeak irabazi zuen lehiaketa.

Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten, 15 herrialdetako taldeek parte hartu dute lehiaketan. Alemaniak, Espainiak, Poloniak eta Holandak aurkeztu dute talde kopururik handiena, Suitzaren, Suediaren, Danimarkaren eta Txekiar Errepublikaren aurretik, besteak beste. Ohikoa denez, hautatutako lau finalistek esku-dirua jasoko dute, 1.000 eta 2.000 euro artekoa, kontzeptu guztiak barne (bidaia, egile-eskubideak...); egonaldia ere antolakuntzaren esku egongo da.

Finalistek jaialdiaren lehenengo lau egunetan parte hartuko dute, hurrenez hurren, eta irabazleak berriro joko du azken egunean. Sariei dagokienez, 3.750 euro jasoko dituzte irabazleek eta disko bat grabatuko zaie zuzenean. Bigarren sariari 1.500 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 750 euro irabaziko ditu. Sariez gain, irabazleek Hoeilaarteko (Belgika) eta Ibizako jazzaldietan parte hartuko dute, Getxo Jazzek horiekin duen akordioari esker.