Poloniako editoreak izango dira Durangoko Azokan

Iaz editore ingelesekin egindako saioetako bat
DURANGOKO AZOKA
Actualizado: lunes, 9 noviembre 2015 13:12

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Atzerriko editoreak izango dira aurten ere Durangoko Azokan, iazko arrakasta errepikatzeko asmoz, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik. Zehazki, Poloniako editoreak izango dira Durangon abenduaren 4tik 8ra bitartean ospatuko den 50. edizioan.

   Iaz Erresuma Batuko hainbat editore Azokan izan ziren eta, bisitaren ondorioz, hiru lan ingelesera itzuli eta plazaratuko dira. Iazko arrakasta errepikatzeko asmoz, atzerriko editoreak gonbidatuko ditu Etxepare Institutuak aurtengo Durangoko Azokara.

   Iazko edizioan, Etxeparek Erresuma Batuko hainbat editore ekarri zituen Azokara eta Donostiara, euskal idazleak eta editoreak ezagutzera emateko samoz. Editore gonbidatuak honakoak izan ziren: Parthian Books, Peter Owen Publishers, Comma Press, Seren Books eta Maclehose Press.

   Horrez gain, beste gonbidatu bi ere egon ziren: Elin H.G. Jones Aberystwyth Universityko Mercator Instituteko zuzendaria eta Maya Jaggi LAF Literature Across Frontiers erakundeko ordezkaria eta 'The

Guardian' egunkariko kazetari eta kritikaria.

   Durangoko Azokako arduradunen arabera, iazko gonbidatu guztiak oso harrituta geratu ziren Azokaren neurri, bizitasun eta jendearen parte hartzearekin. Gainera, Etxeparek hainbat editoreen eta euskal

argitaletxeen arteko (Elkar, Pamiela, Susa, Txalaparta...) hitzorduak antolatu zituen.

   Horrez gain, Institutuak irakurketa-saio berezi bat antolatu zuen editoreentzat Donostiako Garoa liburu dendan, Rikardo Arregi, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Karmele Jaio eta Iban Zalduaren parte-hartzearekin.

   Etxepare Institutuaren egoitzan ere lan saio bat burutu zuten: gonbidatuek euskal literaturaren egoeraren eta Institutuak euskal literaturaren kanpoko zabalkunderako burutzen dituen ekintzen berri jaso zuten, eta hainbat lagin eta katalogo eraman zituzten.

   Halaber, hiru liburu euskaratik ingelesera itzuli eta argitaratu ziren: Karmele Jaioren "Amaren Eskuak" (Parthian Books), Miren Agur Meaberen "Kristalezko begi bat" (Parthian Books) eta Harkaitz Canoren "Twist" (Archipielago Books). Etxeparek hiru lan hauen (eta beste batzuen) itzulpena gauzatzen lagundu zuen, urtero banatzen duen itzulpenerako diru laguntzaren deialdiaren bitartez.

ESPERIENTZIA ERREPIKATU

   Aurten, beraz, iazko "esperientzia aberasgarria" errepikatuko du Etxepare Insitutuak Durangoko Azokan. Edizio honetan, 2016. urtean Europako Kultur Hiriburuak izango diren Donostia eta Wroclaw hirien arteko lotura dela eta, Poloniako editoreak izango dira Azokan. Horrez gain, literaturan eta musikan adituak diren Poloniako kazetariak ere izango dira.

   Iaz bezala, Etxepare Institutuak topaketak antolatuko ditu idazleekin eta Donostiara ere joango dira: hainbat kulturguneren eta Etxepare Euskal Institutuaren Tabakalerako egoitza berria bisitatuko dute eta Donostia2016 egitasmoa ezagutuko dute.