Prezinebi azaroaren 6tik 13ra ospatuko da Bilbon

Actualizado: lunes, 2 noviembre 2015 13:49

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 57. edizioak aurrerapena eskainiko du azaroaren 6tik 13ra, Prezinebiren programazioarekin. Bertan, ohikoa denez, Bilboko ikus-entzunezkoen sektorea osatzen duten erakunde, talde, elkarte profesional eta prestakuntza zentroek izango dute lekua eta, berrikuntza gisa, Zinebi-New Talents saria emango zaio 2014-2015 ikasturtean Bilboko zine eskoletan egindako film labur hoberenari. Saria 500 eurokoa izango da.

   Beste proposamen batzuren artean, Prezinebiren aurtengo edizioak, zine eskolek egiten duten lanaren erakusketa, Zinebiexpress lehiaketa, edota Jon Garaño eta Jose Maria Goenaga "Loreak" filmeko zuzendariekin egingo den topaketa izango dira, antolakuntzak jakinarazi duenez.

   Horrela, Prezinebi datorren ostiralean hasiko da, azaroaren 6an, Campos antzokiko Kupula aretoan 20:00etan Euskal Herriko Gidoilarien Elkartearen laguntzarekin antolatutako topaketa batekin. Bertan, bertaratutakoek Javier Sánchez Donate eta Igor Legarreta zine idazle gazteekin solasean aritzeko aukera izango dute.

   Larunbatean, azaroaren 7an, 48 ordutan filmatutako film laburren Zinebiexpress lehiaketarako deialdi berria zabalduko da: 09:30etik 10:30era Campos antzokiko atarian. Parte hartzaileek hurrengo astelehen arratsaldera arteko epea izango dute euren lanak aurkezteko, eta sariak azaroaren 12an banatuko dira, Azkuna zentroko auditorioan, 20:00etan. Ekitaldi horretan lehiaketaren finalera heldu diren filmak ere eskainiko dira.

   Larunbatean bertan, Simone de Beauvoir kolektibo feministak topaketa bat antolatu du 2010ean Zuzendari Berrien Goya saria irabazi zuen Mar Coll zinemagilearekin. Saioa 20:00etan hasiko da Campos antzokiko Kupula aretoan, eta "Todos queremos lo mejor para ella" (2013) filma ere eskainiko da, trafiko istripu ikaragarriaren ondoren bere bizitza berreraikitzeko ahaleginetan ari den emakume baten istorio dramatikoa.

ZINE ESKOLAK

   Bestalde, azaroaren 9an eta 10ean, Kupula aretoan baita, 20:00etatik aurrera, Bilboko zine eskoletako eta ikus-entzunezko prestakuntza zentro publikoetako eta pribatuetako ikasleek 2014an eta 2015ean egindako lanak erakusteko bi saio eskainiko dira. Topaketan, EHUko Gizarte Zientzia eta Komunikazio Fakultateak, Erandioko Tartanga IEFPS-k, IMVAL-ek, eta Euskadiko Zine Eskolak hartuko dute parte.

   Berrikuntza gisa, aurten Zinebi-New Talents saria emango zaio lehen aldiz 2014-2015 ikasturtean Bilboko zine eskoletan egindako film labur hoberenaren egileari. Saria 500 eurokoa izango da eta Zinebiren 57. edizioaren inaugurazio ekitaldian banatuko da, azaroaren 13an.

   Gainera, Prezinebik Zinebilab mintegi-tailerra egingo du lehen aldiz azaroaren 9, 10 eta 11ean, EHUko Arte Eder Fakultatean. Programaren barruan, hitzaldiak, mahai inguruak eta zenbait jarduera praktiko izango dira. Horrez gain, solasaldia egongo da adituen eta partaideen artean, dokumental interaktibo edo webdoc izenekoek ikus-entzunezko industrian izan duten historiari, sorkuntza prozesuari, ekoizpen prozedurei eta aplikazioei eta aukerei buruz.

   Bertan parte hartuko dutenen artean Jorge Caballero Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Dokumental Sortzaile Masterreko dokumental interaktibo eta postprodukzioko koordinatzailea eta 2006an sortu zen eta grafismoan, ilustrazioan, animazioan, multimedia programazioan eta webdoc-en eta aplikazio infografiko interaktiboen ekoizpenean diharduen Taller Estampa taldea daude.

GARAÑO ETA GOENAGA

   Halaber, beste urte batez, Prezinebik FAS zine klubaren laguntza izango du. Horrela, azaroaren 10ean, Campos antzokiko Kupula aretoan, ingelesa ez den beste hizkuntza batean egindako lan hoberenaren Oscar saria jasotzeko hautagai izan daitekeen "Loreak" filma eskainiko da, eta Jon Garaño eta Jose Maria Goenaga ikus-entzuleekin solasean arituko dira, euren esperientziak eta Hollywooderako bide luzea partekatzeko. Saioa 20:00etan hasiko da eta María Martínek eta Judith Ruizek eskainiko duten Krego-Martín dantza konpainiaren dantza garaikideko pieza batekin osatuko da.

   Prezinebiren amaierako jaia azaroaren 13an izango da, 00:00etan, Ribera Bilbao kafetegian, eta, beste urte batez, Zinebi 57 jaialdiaren inaugurazio ekitaldiarekin bat egingo. Oraingoan, jaialdiak, Caóstica elkartearekin batera, omenaldi berezia eskainiko dio nerd bezala ezagutzen den azpi-generoari, Ipar Ameriketako institutuetan eta unibertsitateetan gertatzen diren komedia zentzugabe samar horiei.

   Programan, beste batzuen artean, nerd filmen zatiak proiektatuko dira, neska animatzaileek dantzan egingo dute, mozorroak egongo dira, Miss eta Mister Nerd lehiaketa egongo da, eta The Sparteens taldearen eta rockabilly musikan espezializatuta dagoen DJ Nash-en zuzeneko  emanaldiak egongo dira.