Profesionalak prestatzeko eta enplegu turistikoaren kalitatea hobetzeko hitzarmena sinatu dute Gipuzkoan

Aldundiko eta Ostalaritza Elkarteko ordezkariak
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 9 febrero 2018 13:11

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, profesionalak prestatzeko eta birziklatzeko, turismo enpresen lehiakortasuna areagotzeko eta, horrela, lurraldea bisitatzen dutenen esperientzia hobetzeko. Foru erakundeak 80.000 euroko ekarpena egingo dio hitzarmenari.

Bi erakundeen arteko akordioa prestatzeko eta ostalaritzako langileentzat prestakuntza aktiboa garatzeko asmoz, Ostalaritza Elkarteak diagnosi bat egin du, eta prestakuntza behar nagusi batzuk atzeman ditu sektorean: ostalaritzako eta turismoko establezimenduak kudeatzeko eta zuzentzeko gaitasunak hobetzea; sektorea profesionalizatzea eta espezializazio eta gaitasun handiagoa lortzea jardueraren hainbat alorretan; sare sozialak eta ostalaritzarako eta turismorako kudeaketa sistema espezifikoak erabiltzeko konpetentzia eta gaitasunak lortzea; produktuak saltzen edota erosten dituztenek bertako produktuak eta horien ezaugarriak ezagutzea; turismo kolektibo berrien ohiturei eta tradizioei buruzko informazio orokorra izatea.

Horrela, sektoreko enpleguaren kalitatea areagotzeko eta hura garatzea eta profesionalizatzea lortzeko, Kultura eta Turismo Sailak Departamentuak eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak hiru arlotan garatuko dute lankidetza hitzarmen.

Alde batetik, prestakuntza plana abiatuko da. Sinatzaileen esanetan, prestakuntza sustatzea eta zabaltzea "giltzarria" da profesionalen kualifikazioa areagotzeko, zerbitzua hobetzeko eta sektorea eta enplegua egonkortzeko. Prestakuntza planaren bidez, sektore osora iritsi nahi dute, eta sektoreko profesionalen lehiakortasuna areagotuz, bisitarientzat helmuga atsegin eta arduratsu bat eraiki nahi dute.

Horretarako, 28 ikastaro eskainiko zaizkie Gipuzkoako turismo sektorea osatzen duten enpresariei, erdi mailako arduradunei eta langileei. Guztira, 708 orduko prestakuntza aldia eskainiko da, 300 ikasle prestatzeko asmoz. Helburua da bisitarientzat helmuga atsegin eta arduratsu bat eraikitzen laguntzea, sektoreko profesionalen lehiakortasuna areagotuz.

Bestalde, beken plan bat jarriko da martxan Gipuzkoako Ostalaritzako Elkarteko kideentzat, aretoko eta barrako arretaren arloan, Basque Culinary Center ikastegiak 2017-2018 ikasturtean eskaini dituen prestakuntza ez arautuko ikastaroen matrikularen %15eko gastuak ordaintzeko.

Azkenik, informazio kanpaina bat egingo da. Sinatzaileen arabera, gizarteak jarduera edo lanbide bati ematen dion balioak eta garrantziak eragin zuzena du pertsona trebatu eta motibatuak aurkitzeko garaian, eta, ondorioz, oinarrizkoa da turismo eta ostalaritza sektorea garatzeko.

Arlo horretan hobetzeko, sektorearen eta irteera profesionalen inguruko informazio eta sentsibilizazio lana egin beharra dago: sare sozialen eta komunikabideen komunikazio ekintzak eta kudeaketa, establezimendu turistikoetako aretoko, barrako eta harrerako arreta emateko lanbideak duin bihurtzeko helburuz.