PSE-EE eta PP Jaurlaritzak aurrekontuak martxoan onartzearen aurka azaldu dira

Actualizado: miércoles, 9 enero 2013 12:03

BILBO, 9 Ene. (EUROPA PRESS) -

PSE-EE eta PP Eusko Jaurlaritzak 2013ko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) aurrekontuak martxoan onartzeko asmoaren aurka agertu dira asteazken honetan. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak asteartean iragarri zuen aurrekontuak martxoaren 12an onartzeko asmoa dutela, ondoren Legebiltzarrera bidaltzeko.

Horrela, Rodolfo Ares PSE-EEren batzorde exekutiboko kideak esan du "ulergaitza" dela Jaurlaritzak iragarpen hori egitea, eta ohartarazi du euskal gizarteak ezin duela "denbora gehiagorik galdu". Hori dela eta, "proposamen bat egiteko" eta babesak lortzeko "norekin hitz egin nahi duen" argitzeko eskatu dio EAJri.

Radio Euskadiri eskaini eta Europa Press-ek jasotako elkarrizketa batean, Aresek nabarmendu du EAJk bakarrik gobernatzeko erabakia hartu zuela eta, beraz, Jaurlaritza "ahula" dela. Modu horretan, bere esanetan, "berari dagokio beharrezko babesak bilatzea" aurrekontuak onartzeko.

Bestalde, Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak aurrekontuak martxoan onartzeko erabakia "zuzentzeko" eskatu dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, "Euskadiren mesedetan", eta aurrekontuak martxoa baino lehen aurkeztera premiatu du. "Ezin dugu egun bakar bat ere galdu", esan du.

RNE irratiari eskaini eta Europa Perss-ek jasotako elkarrizketa batean Basagoitik azpimarratu duenez, aurrekontuak martxoaren 12an onartzeko erabakia ez da "ez zentzuzkoa, ez logikoa, ezta arrrazoizkoa, gainean duguna kontuan izanda".