Publikoa omenduko du Gasteizko 40. Nazioarteko Antzerki Jaialdiak

Actualizado: miércoles, 22 julio 2015 17:28

GASTEIZ, 22 (EUROPA PRESS)

   Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak 40 urte beteko ditu aurten, eta antolatzaileek publikoari omenaldia egin nahi izan diote data berezi horretan, kartelaren eta kanpainaren goiburuaren bidez: "El escenario es vuestro. Ikusle ikusgai". Egitarauak 36 ikuskizun eskainiko ditu urrian eta azaroan.

   Gasteizko Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Iñaki Prusillak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kabineteko zuzendari José Manuel Bujandak eta Gasteizko Udaleko Antzoki Sareko arduradun Marta Monfortek aurkeztu dute asteazken honetan jaialdiaren egitaraua.

   Egitaraua "oso ausarta eta abangoardiakoa" dela nabarmendu dute, nazioarteko eta bertako sorkuntzari "maitasun bereziz begiratzen diona, beti izan baita jaialdiaren helburu estrategikoa, eta estatuko produkzio onenak eta antzerki eta dantza egile, zuzendari eta interprete onenak ikusarazten saiatzen da orobat".

   Aurtengo egitarauan europar eszenako zuzendari esanguratsuak agertzen dira, hala nola Declan Donellan, Peter Stein, Claudio Tolcachir eta Finzi Pasca. Jaialdia urriaren 9an ofizialki irekitzeko, "La última cinta de Krapp" lan alemanaren Espainiako Estatuko estreinaldia eskainiko da, hirukote aparteko batekin: Samuel Beckett Nobel saridunaren testua, Peter Stein antzerkigile handiaren zuzendaritza eta Klaus Maria Brandauer aktorea.

   Programazioaren barruan guztira 36 ikuskizun eskainiko dira, eta horietako bost erabateko estreinaldiak izango dira: "Cándido", Ortzairena; "El circo dorado", Teatro Paraísorena; "El beso", Tanttaka Teatroarena; "El purgatorio", Carmen San Estebanena; eta "Foto", Parasite Kolektiboarena. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) lehenengoz ikusiko diren 21 lan eskainiko ditu jaialdiak; horietatik lau euskaraz dira, eta 11 euskal konpainienak.

   Principal antzokia agertokia nagusia izan arren, antzokien sareko gainerako programazioaren kalitatea ere nabarmendu beharra dago, publikoak oso harrera ona egiten baitie horietan eskaintzen diren ikuskizunei, asistentzia kopuruek erakusten dutenaren arabera.

   Horrela, Jesús Ibáñez de Matauco antzokian Jim Aktual zikloaren barruko bi proposamen ikusi ahalko dira; Felix Petite antzokian, berriz, aurten EAEn sortutako bi lan garrantzitsu eskainiko dira: "Cabaret Chihuahua" eta "Solitudes"; Federico García Lorca antzokiak, azkenik, Haurtxoak proiektuaren hamaikagarren edizioa hartuko du, txikienentzako lau ikuskizun proposatzen dituena, zirkua, antzerkia, dantza eta musika barne.

   Ikuskizunez gain, ohi bezala, "Antzerkia Zabaltzen" atalaren barruan jarduera osagarriak antolatu dira, antzezte arteen hainbat arlori buruz eztabaidatu eta hausnartzeko.

BESTE JARDUERA BATZUK

   Beste alde batetik, Principal antzokia ezagutzeko bisita gidatuak ere antolatu dira. Aurten urriaren 3an izango dira, jaialdia hasten den egunean, eta parte hartzaileek zuzenean ikusi ahalko dute arratsaldean 2015eko edizioaren atarikoa izango den ikuskizunaren entsegua. Bisitak gaztelaniaz eta euskaraz izango dira, eta gehienez 40 pertsonak hartu ahalko dute parte.

   Beste jarduera batzuk ere aurreikusi dira: ikusleen eta talde artistikoaren arteko solasaldiak, lantegiak, eta "Off local" ekimena, Gasteizko artistek beren lanak ezohiko lekuetan sortu eta erakuts ditzaten. Halaber, Arte Eszenikoen Jardunaldiak berreskuratuko dira, eta Europa biltzar etxean egingo dira, azaroaren 23an eta 24an. Carlos Pérez Uralde Irrati Antzerkiaren III. Lehiaketa ere egingo da, EITBrekin lankidetzan.

   Ohiko programazioaz gain, Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 40. edizioak ikuskizun berezia eskainiko du urriaren 3an, atariko gisa, hiriko konpainia, aktore eta antzerkizale ugariren artean sortzen ari direna. "Soplando Velas" du izenburu Traspasos, Porpol, Teatro paraíso, Pikor teatro eta Panta Rhei taldeen sorkuntza kolektiboak.