Purutasun handiko kokaina kilo bat konfiskatu eta ustezko bi trafikatzaile atxilotu ditu Ertzaintzak

Actualizado: miércoles, 26 enero 2011 19:19

BILBO, 26 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 34 eta 23 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo, droga trafikoaren ustezko delitu baten egileak izateagatik. Loiuko (Bizkaia) garraio enpresa batean purutasun handiko kokaina kilo bat zeraman fardel bat jaso ostean atzeman zuten ikerketaren agente arduradunek akusatuetako bat, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Joan den astean Bilboko komisariako droga taldeko agenteek ikerketa bat abiatu zuten, droga trafikoarekin ustezko lotura zuen 34 urteko gizonezko baten jazarpenarekin. Atzo arratsaldean, ikerketaren ertzain arduradunek zaintza dispositibo bat abiatu zuten aipatutako susmagarriaren inguruan Bilbon.

Arratsaldeko 18:00ak aldera, beste gizonezko batek gidatutako auto batera igo zen susmagarria, eta Bilbotik aireportuaren alboan dagoen Loiuko garraio enpresa batera joan ziren. Jarraian, susmagarriek ibilgailua enpresaren barnealdeko parkingean aparkatu zutela ikusi zuten agenteek.

Autoaren gidaria fardelak jasotzeko leihatilara gerturatu, eta enpresako langileari paper bat eman ziola ikusi zuten agenteek. Solasaldi labur baten ostean, gidaria autora itzuli zen, aireportuko irteera terminalera eraman zuen ibilgailua eta bertan, 34 urteko gizonezkoa aireportu barrura sartu zen eta jendetzaren artean desagertu zen.

Zenbait minuturen ostean, gidaria berriz ere garraio enpresara joaten ikusi zuten agenteek, eta bertan liburu baten tamainako fardel bat eman zioten. Paketea jaso ostean, gizonezkoa autoan sartu zen eta fardela zabaltzen hasi zen. Orduan, agenteak gerturatu egin ziren eta paketeak barruan zinta itsaskorrez bildutako fardel bat zuen argazki-album bat zuela ikusi zuten.

Agenteek gaztea identifikatu zuten, eta Hego Amerikatik bidalitako paketea konfiskatu zuten. Barruan droga kilogramo bat (1.040 gramo), purutasun handiko kokaina, zuela ikusi zuten. Ondorioz, ertzainek 23 urteko gizonezkoa atxilotu zuten droga trafikoaren ustezko delitu bat egiteagatik.

Ordu batzuk geroago, agenteek zaintza dispositibo bat jarri zuten Bilboko Deustu auzoan, beste susmagarria atxilotzeko. Azkenean, 20:15 aldera atxilotu zuten 34 urteko gizonezkoa, droga trafikoaren ustezko beste delitu bat egotzita.