Rafael Yuste neurobiologia ikastaro bat eskaintzen ari da DIPCen

Rafael Yusteren saioetako bat DIPCen
DIPC
Actualizado: miércoles, 21 marzo 2018 14:07

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Rafael Yuste neurobiologoa bost saioko ikastaro bat eskaintzen ari da egunotan Donostia International Physics Center (DIPC) zentroan. 2013an Barack Obama AEBetako presidentea zenak abian jarri zuen "BRAIN" burmuineko zirkuitu neuronalen funtzionamendua ulertzeko programaren bultzatzaile nagusiak Donostiako zentroaren gonbidapena onartu eta, ikastaro baten bidez, neurobiologiaren eta fisikaren arteko loturak aztertzen dabil.

Gainera, Yustek hitzaldi bat eskainiko du ostegunean, martxoaren 22an, eta arratsaldez, "Hor kanpoan" zinema eta zientzia zikloaren barruan proiektatuko den filmaren aurkezpena egingo du eta zazpi eguneko egonaldia baliatuko du nanoGUNE, BCBL, Biodonostia eta EHUren Biofisika Unitatea bisitatzeko.

DIPCek antolatutako bost eguneko ikastaroaren helburua da neurobiologiaren eta fisikaren artean zubiak eraikitzea, bi diziplinen arteko loturak aztertzea, alegia. Horretarako, bost saio antolatu dira, astelehenetik ostiralera, eta lehen bi egunetan mintegien aretoa beteta egon da.

Rafael Yuste burmuineko zirkuitu neuronalen funtzionamendua ulertzea helburu duen Etxe Zuriaren "BRAIN" proiektuaren bultzatzaile nagusia da. Ostegunean emango duen hitzaldia "DIPC Colloquia" egitasmoaren barruan dago.

"DIPC Colloquia" irekita dago interesa duten Euskal Herriko komunitate zientifikoko kide guztiei. Bertan, zientzialari gonbidatuek beren ikerketa alorraren aurkezpen orokor bat egiteko hitzaldi hurbilak eskaintzen dituzte eta beren ikuspegia ematen dute airean dauden galderen, erronken eta norabide posibleen gainean.