Ray Fernández Bilboko Kafe Antzokian izango da datorren igandean

Ray Fernández
Foto: KAFE ANTZOKIA
Actualizado: martes, 10 marzo 2015 13:47

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Ray Fernández musikari kubatarrak kontzertua eskainiko du datorren igandean, martxoaren 15ean, Bilboko Kafe Antzokian. Aurretik, arratsaldeko 19:30ean hasita, Naroa Gaintza eta Maria Rivero arituko dira artista gonbidatu gisa, areto bilbotarreko arduradunek jakinarazi dutenez.

   Gitarra eskuan, errealitateari buruz hausnatzera eta ondo pasatzera gonbidatzen duen kubatar trobadorea da Ray Fernández. Irlaren erdialdeko Villa Clara aldekoa sortzez eta Raimundo Fernandez Moy izen abizenez, Habanako sortaldean dagoen Alamar auzoan hazi zen.

   Sukaldaria ikasbidez, Ray Alamarren bertan eta gauetako Malekoian hezi zen abeslari moduan. Abeslari eta poeta aldi berean, Kubako kantagintza zahar eta berriaren jabea, eta kanpoko soinugintza guztiaren irenslea, musikari kubatarrak egunero pasatzen dena kontatzen du, kronika soziopolitiko hori umorez eta berehalakotasunez azaltzeko. Kaleko hizkeraz eta erreferentzia kultuekin, inguruaz mintzo da: eskasia ekonomikoa, errealitate sozialak, bortxa politiko eta gizajendearen hobekuntzarako zailtasunak.

   Ray Fernándezen abestien "letrak bereziak" dira, haren "boza apartekoa" eta abesterakoan erakusten duen "indarra ahaztezina". Gainera, berarekin batera musikari onak izango dira: Miguel Alejandro Valdés baxuarekin, Roylan Carballosa perkusioarekin eta Lorenzo Molina tronpetarekin.