Ray Gelato, Delorean, Los Coronas, Atom Rhumba eta Capsula igaroko dira Kafe Antzokitik Bilboko Aste Nagusian

Actualizado: sábado, 25 junio 2011 14:51

BILBO, 25 Jun. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Kafe Antzokiak aurten bosgarren urteurrena betetzen du "Kafe Antzokia Aste Nagusian" egitasmoa burutzen eta, besteak beste, Ray Gelato & Giants, Delorean, Los Coronas, Atom Rhumba, The Excitements eta Capsula David Bowie-ren "Ziggy Stardust" interpretatzen igaroko dira oholtza bilbotarretik, Kafe Antzokiko iturriek jakinarazi dutenez.

Bere arduradunen arabera, Bilboko erdiguneko musika jarduera sendotzeko asmoz 2007. urtean sortu zen egitasmoa "erreferentzia garrantzitsua" bilakatu da zuzeneko musikaren maitaleentzako Aste Nagusian.

"Kafe Antzokitik sustatu izan nahi da, kalean egiten diren ekitaldietaz gain, jaietan ere badagoela areto itxietara joaterik programazio egoki bat antolatzen bada. Kalitatezko programazioa, musika zaletua erakartzen duena eta jaietan ere aire librean egiten diren ekimenez gain areto bateko hurbiltasunean kontzertu bereziak ikusteko aukera eskaintzen diona", azaldu dute.

Azken lau urteetan 12.500 lagun inguru izan dira Aste Nagusian Kafe Antzokian ospatu diren kontzertuetara hurbildu direnak eta 45 musika talde izan dira eskenatoki gainetik igaro direnak.

Egitasmoaren helburuen artean daude Aste Nagusiko programazioetan beste erreferente bat gehiago izatea Bilboko Kafe Antzokia, Euskal Herriko eta nazioarteko estilo ezberdinetako artistak ikusteko aukera eskaintzea Aste Nagusian zehar prezio herrikoiak bultzatuz (10 euro), euskal taldeei beraien proposamenak eskeintzeko aukera ematea, estatuko zein nazioarteko artisten ondoan, Bilboko erdigunean musika jarduerak sortzea eta turista eta bisitariak erakartzea.

EGITARAUA

Aurten "Kafe Antzokia Aste Nagusian" programak bost urte betetzen ditu, eta hori ospatzeko, zazpi egunetan zehar musika eskaintza "zabal eta erakargarri bat" prestatuko du. Kontzertu hauetarako sarrerak jada salgai daude Kafe Antzokiko barran eta baita www.kafeantzokia.com webgunean ere. Kontzertu guztiak 22:309etan hasiko dira eta sarrerak 10 euroko salneurria izango du.

Abuztuaren 20an, Ray Gelato & Giants eta The Shimmy Shakers Burlesque Show taldeen kontzertua izango da, eta 22an Delorean zarauztarrena. Abuztuaren 23an neskak izango dira protagonista, Maika Makovskiren eta Mursegoren emanaldiekin.

Abuztuaren 24an Los Coronas eta The Fakeband taldeen txanda izango da, eta 25ean, Atom Rhumba eta Xabi eta Petti izango diar taula gainean. Abuztuaren 26an soul eta rhythm & blues soinuak nagusituko dira The Excitements eta Al Supersonic & The Teenagers taldeekin. Azkenik, abuztuaren 27an, Capsula taldeak David Bowie-ren "Ziggy Stardust" interpretatuko du, eta aurretik Split 77 taldeak joko du.