Refractarios Kelsen-ek eta Hirukide ikastetxeak jaso dituzte Bai Euskarari Sariak

Actualizado: martes, 1 febrero 2011 21:00

Xabier Mendigurenek Bai Euskarari Laguna oroigarria jaso du euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik


DONOSTIA, 1 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ziurtagiriaren Elkarteak bi entitate saritu ditu Bai Euskarari Sarien bigarren edizioan, euskara enpresan txertatzeko helburuarekin aurrera eramandako ekintzengatik. Sariketa Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateen artean egin da, eta Refractarios Kelsen enpresak eta Hirukide ikastetxeak jaso dute Bai Euskarari Saria Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariaren eskutik.

Xabier Mendiguren Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi ohiak, berriz, Bai Euskarari Laguna oroigarria jaso du bere ibilbide osoaren aitorpen gisa, Donostiako Victoria Eugenia Club-ean egin den sarien banaketa ekitaldian.

Jose Mari Agirretxe 'Porrotx' lagun duela Lierni Agirrezabalak gidatu du ekitaldia, eta bertan izan dira, besteak beste, Bego Muruaga Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskararen Sustapenerako zuzendaria edota Ainhoa Beola Donostiako Hizkuntza Normalkuntzarako zinegotzia.

Errotulazioa, kanpo eta barneko dokumentazioa eta beste hainbat elementu euskaratzen egin duten ahaleginagatik, eta hornitzaileekin harremanak euskaraz izateko egin duten saiakeragatik (ahozko eta idatzizko harremanak euskaraz izan nahi dituztela adierazi baitiote

hornitzaile bakoitzari aurrez-aurre eta idatziz) eman dio Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Saria Refractarios Kelsen enpresa gipuzkoarrari.

Ainhoa Montes Planifikazio eta Prozesuen Kontrol saileko buruak jaso du saria. "Oso pozik eta eskertuta" agertu da, eta azaldu du Bai

Euskarari Ziurtagiria enpresaren erantzukizun sozial korporatiboaren ondorio dela, eta benetan sinesten duelako hartu dituztela euskara enpresan txertatzeko neurriak, ez apaingarri huts moduan.

Beste Bai Euskarari Saria Tolosako Hirukide ikastetxeari eman dio Ziurtagiriaren Elkarteak, azken urteotan euskararen aldeko apustu nabarmena egin duelako, entitatean euskara txertatzeko, hizkuntza-plangintza eratu eta hedatu dutelako, hain zuzen ere.

Joseba Antxustegietxarte Hirukide ikastetxeko Hizkuntza-Plangintzako arduraduna Victoria Eugenian egin den ekitaldian izan da eta, besteak beste, aipatu du konpetentzietan oinarritutako curriculuma garatuz kalitatezko heziketa bermatzea dela Hirukide ikastetxearen xede nagusia.

"Horrexegatik, irakaskuntza akademikoan ez ezik, gelaz kanpoko ekintzetan ere ahalegin handia ari gara egiten euskararen presentzia eta erabilpena areagotzeko. Pausu bat harago eman dugu eta gaur egun gelaz kanpoko ekintzetan dugu erronka nagusia", adierazi du.

XABIER MENDIGUREN

Halaber, Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Laguna oroigarria eman dio Xabier Mendigureni, euskararen normalizazioaren alde egindako lan guztiagatik. Mendiguren izan da Bai Euskarari-ren irudiaren, kudeaketaren eta hedapenaren sustatzaile nagusia azken urteotan. Horrez gain, euskararekin loturiko beste hainbat lanetan ere aritua da eta hizkuntzaren normalizazioa lortzera bideratutako hamaika egitasmotan hartu du parte.

Hunkituta eta pozik agertu da Mendiguren, ez baitzuen sari hori inolaz ere espero. "Horrelako sariak inoiz ez dira espero izaten. Nik neuk ez behintzat. Eta ustekabean harrapatzen zaituzte, zeren burura etortzen zaizun lehena izaten da egin behar nuena egiten saiatzea besterik ez dudala egin. Baina pozik hartzen da norbaitek zugan pentsatu duela jakitea eta urteetan zehar egindako lana kontuan hartu duela ikustea", esan du.

Bestalde, Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek, lehenik eta behin, Xabier Mendiguren, Refractarios Kelse eta Hirukide ikastetxea zoriondu ditu, eta Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitate guztiak eta horien atzean lanean ari diren pertsona guztiak ere izan ditu gogoan.

"Hizkuntzak ez dira ezer, haiek erabili, bizi eta biziarazten

dituzten pertsonarik gabe. Horregatik, zuon lana benetan eskertzekoa da, gizarte osoari eragitera iristen baita. Izan ere, ez dago hizkuntza bat normalizatzerik ez bada bere erabilera bermatzen arlo sozioekonomikoan", adierazi du.

ALOR SOZIOEKONOMIKOA

Izan ere, Gutierrezen iritziz, "berebiziko garrantzia" du alor sozioekonomikoak betetzen dituen espazioetan euskarari lekua egiteak.

Enpresa, saltoki eta era guztietako entitateek hizkuntzak kudeatu behar izaten dituzte eta, Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariaren hitzetan, hizkuntza hautatzeko garaian hiru faktorek eragiten dute nagusiki: legediak, merkatu irizpideak eta entitate horretako erantzukizun sozialak.

"Euskararen lurraldeetan, urrats ausartak eman behar dira corpus juridikoari gagozkiolarik, kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak babeste aldera. Administrazioari dagokio hizkuntza politika eraginkorra definitzearen lidergoa bere egitea eta euskaraz bizi ahal izatea baldintza politiko, juridiko, sozial eta ekonomiko egokiak

bideratzea gizarte-eragileekin elkarlanean eta egoki koordinatuta", azaldu du.

Bai Euskarari Ziurtagiriak dagoeneko hamar urte eta erdiko ibilbidea egin duela gogoratu du Gutierrezek. Bere esatean, indarrak batuta, ibilbide honetan guztian, proiektu eta egitasmo ugari eraman dituzte aurrera, eta etorkizunean ere urrats biziak ematen jarraitzeko asmoa dute.

2011-KO ERRONKAK

2011n ez daudela geldirik egoteko eta aurrera begira are urrats

biziagoak etorriko direla gaineratu du. Hala, Ziurtagiriaren Elkarteak urte honetarako aurreikusten dituen egitasmoak zerrendatu ditu: "Bai Ziurtagiriaren Aldizkaria"-ren paperezko edizioaren jarraitzea, aldizkari elektronikoa martxan jartzea, sektorekako egitasmoak antolatzea, eskualde nahiz herritako komertzio, elkarte eta enpresekin elkartzea Ziurtagiria hedatzeko, joan den urrian sortutako "Enpresarean" ekimena garatzea, edota sarean indarra egiten jarraitzea.

Gutierrezek uste du, ordea, aipatutako guztia Ziurtagiriaren Elkarteak bakarrik ezin duela aurrera eraman, eta Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateen nahiz entitate horietan dauden

pertsonen parte-hartzea ezinbestekoa dela, "argi baitago bakoitzak beretik hasi behar duela hondar aleak jartzen".

Zentzu horretan, gaineratu du hizkuntzen biziberritzean "liderrak" behar direla, "erreferenteak diren pertsonak". "Euskararen ezagutza eta erabilera areagotuko baditugu, euskaraz bizitzeko nahia dugun pertsonok gidaritza hartu behar dugu. Denok izan gaitezke eta denok izan behar dugu euskararen lider", gaineratu du.