Ricardo Darinek jasoko du 65. Donostia Zinemaldiko Donostia saria

Ricardo Darin aktore argentinarra
ZINEMALDIA
Actualizado: miércoles, 21 junio 2017 13:26

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Ricardo Darin aktore argentinarrak jasoko du 65. Donostia Zinemaldiko Donostia saria. Irailaren 26an emango diote, "La cordillera" filmaren aurkezpena aprobetxatuz. Zinemaldiko ohorezko sari garrantzitsuena Buenos Airesen 1957an jaiotako antzezlearen ibilbidearen aitorpena da.

Darinek Zilarrezko Maskorra lortu zuen 2015ean, "Truman" filmarengatik, eta hainbat zinemagilerekin egin du lan, esate baterako, Adolfo Aristarain, Juan Jose Campanella, Fabian Bielinsky, Fernando Trueba, Pablo Trapero, Cesc Gay edo Santiago Mitrerekin, Donostia Zinemaldiko arduradunek gogoratu dutenez.

Aktore argentinarra "La cordillera" filmarekin helduko da Donostiara. Santiago Mitrek zuzendu eta idatzi du. Istorioa Txilen girotua dago, latinoamerikar presidenteen goi bilera batean. Darinekin batera, Dolores Fonzi, Erica Rivas, Elena Anaya, Daniel Gimenez Cacho, Alfredo Castro, Paulina Garcia eta Christian Slater ere aktore taldeko kide dira. Canneseko zinemaldiko Un Certain Regard sailean estreinatu zen, eta irailaren 26an Kursaal auditoriumean proiektatuko da. Zinema aretoetan irailaren 29an estreinatuko da.

Roberto Darin bost urterekin egin zuen debuta interpretazioan, telesailetan, eta 1979an ekin zion ibilbide zinematografikoari, Julio Porterren ("La carpa del amor") eta Adolfo Aristarainen ("La playa del amor") eskutik. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan berriz aritu zen Aristarainekin ("The Stranger", 1987), eta Alberto Lecchi ("Perdido por perdido", 1993), Eduardo Mignogna ("El faro", 1998) eta Juan Jose Campanellarekin ("El mismo amor, la misma lluvia", 1999) ere egin zuen lan.

"NUEVE REINAS"

Fabian Bielinskyren "Nueve Reinas" (2000) lehen lanari esker hasi zen nazioartean ezaguna izaten. Ondoren, Latinoamerikako eta Espainiako zinemagintzako funtsezko film batzuk egin zituen: "El hijo de la novia" (2001), "Luna de Avellaneda" (2004) eta "El secreto de sus ojos" (2009, atzerriko film onenaren Oscar saria). Juan Jose Campanellak zuzendu zituen hirurak. 2007an zinema zuzendari gisa debutatu zuen, "La señal" filmarekin, Martin Hodararekin elkarlanean, eta aurten ere berriz aritu da harekin "Nieve negra" filmean.

"La educación de las hadas" (Jose Luis Cuerda, 2006), "XXY" (Lucia Puenzo, 2007), "El baile de la Victoria" (Fernando Trueba, 2009), "Un cuento chino" (2011, Sebastian Koblic), "Elefante Blanco" (2012, Pablo Trapero eta "Truman" (2015, Cesc Gay) dira lan egin duen beste film batzuk. Santiago Mitrek zuzenduriko "La cordillera" da bere azken filma, irailaren 26an Donostian ikusi ahalko dena.